Esti Urresola laudioarrak 20.000 especies de abejas pelikula aurkeztuko du Berlinale sail entzutetsuan, eta Urrezko Hartza sari nagusiagatik lehiatuko du beste hamazazpi lanekin batera.
Luciak sei urte ditu eta zakila du; Aitor deitzen diote guztiek. Uda heltzeko irrika betean da, ikastetxetik urrundu eta arnasa hartzeko. Luciaren ama ere, Ane, uda heltzeko desiratzen dago, krisi emozional betean murgilduta dagoelako. Udako oporrak baliatuko dituzte senideekin elkartzeko, erlezaintzarekin eta eztiarekin lotura estua duen etxean. Bizitzari aurre egiteko indarra hartu beharko dute.
Abiapuntu horri, forma eman diote aktore lanetan Patricia López Arnaiz, Ane Gabarain, Itziar Lazkano, Martxelo Rubio, Sara Cozar, Miguel Garces, Unax Hayden eta Andere Garabietak.
Lehen filma du Esti Urresolak, baina iaz ezagun egin zen Cuerdas lanarengatik, saritua izan baitzen Cannesen. Ordurako lanean zebilen 20.000 especies de abeja pelikularekin; hala aurreratu zigun ARGIAn.
Euskara, lehendabizikoz
Nagusiki gazteleraz errodatu da pelikula, baina euskaraz ere entzungo dira hainbat zati, eta baita frantsesez ere. Aurreneko aldia da Berlinale zine jaialdian euskara entzungo dela, nahiz eta euskal jatorriko zinegileak egon diren lehenago. Esaterako, Urresolaren aurretik, Pedro Oleakek Akelarre filma estreinatu zuen 1984an; 1997an, Montxo Armendariz Secretos del Corazón entzutetsuarekin heldu zen; eta, Alex de la Iglesiak El Bar filma aurkeztu zuen sail horretan bertan, 2017an.