argia.eus
INPRIMATU
Alternatiben herria
Euskara, burujabetza, demokrazia eta parte hartzea hizketagai Bilbon
  •  Alternatiben Herriko 6 gune (5 auzo + Karpa Nagusia) nagusietako bi izango dira "Arragoa" eta "Parte hartzea, demokrazia eta subirautza" auzoak. Lehenengoak euskara eta hezkuntza jorratuko ditu: sorkuntzari, hizkuntzari eta hezkuntzari buruzko hausnarketak aditu, esperientziak partekatu eta material didaktikoa eskuratzeko aukera izango da.  

EƱaut Agirrebengoa Apaolaza @eagirrebeng 2015eko urriaren 23a
Alternatiben Herriaren mapa. "Parte hartzea, demokrazia eta subiranotasuna" auzoa L2n; "Arragoa" K4n (arg: alternatibenherria.eus)

 “Eraldaketa soziala euskaratik izango da ala ez al da izango?” mahai-inguruak emango dio hasiera auzo honetako egitarauari. Hizlariak Berdin elkarteko Ainhoa Larrañaga, Ereindajan elkarteko Naroa Elortza, Kontseiluko Paul Bilbao eta EHUko Unai Fdz. de Betoño izango dira, eta dinamizatzaile lanetan Berriako kazetari Maite Asensiok jardungo du. Antolatzaileen hitzetan, mahai-inguru honek publikoaren artean “eztabaida partehartzailea” sustatzea izango du xede.

Ondoren, 12:30etik 14:30era bitarte, kulturako hainbat eragileri buruzko hausnarketak egingo dituzte “Kultur sorkuntzak gaur egungo gizartea aldatzeko balio du?” izenburupean. Hitza hartuko dutenak, besteak beste, Gotzon Barandiaran (euskal idazle eta kulturgilea), Irantzu Lekue (artista) eta Maider Beloki (Iruñeko udaleko kultura zinegotzia) izango dira.

Arratsaldeko saioari dagokionez, “Hezkuntza esperientzien trukaketa” parte hartze tailerra eskainiko dute 16:00etatik aurrera. Hezkuntza eremuan martxan dauden esperientzietan oinarrituz, Euskal Herriko auzo zein herrietan hezkuntza proiektu alternatibo bat egiteko giltzarriak azalduko dituzte. Tailerrek hezkuntzarekin loturiko gai ugari jorratuko dituzte, hala nola, Orioko herri kurrikuluma, ikasleen eleaniztasuna, Herri Unibertsitateak edota landa eremuko eskolak.

Mintza poteo kultural batekin amaituko da eguna. Tragoak hartzearekin batera, hainbat geldialdi kultural egingo dituzte Plaza Berria eta Areatza arteko bidean. Giroa jartzeaz Bilboko Berbalagunak eta trikitilariak arduratuko dira.

Mahai-inguruak eta “doku-zine forumak", burujabetzaz hausnartzeko

Burujabetza eta demokrazia izango ditu ardatz “Parte hartzea, demokrazia eta subirautza” auzoak. Berezitasun bezala, gune honetako ekintzak ez dira karpa batean eginen, Arriaga antzokitik bi minutura dagoen “Bilborock” lokalean baizik.

Goizeko saioan mahai-inguruak izango dira nagusi. Lehenik eta behin, ELAko Txiki Muñoz eta LABeko Ainhoa Etxaide  “Hemen lan eta bizi. Berton erabaki” mahai-inguruan solastuko dira. Ondoren, Euskal Herrian burujabetza eraikitzeko estrategiez arituko dira Txutxi Ariznabarreta (Independentistak sarea), M. Begiristain (Eleak mugimendua), Saioa Iraola (Bilgune Feminista), Iñaki Barcena (Ekologistak Martxan) eta Joseba Gines (EH 11 kolore).

Arratsaldean Naomi Klein idazle eta ikertzaile kanadiarraren azken liburuaren inguruko filma (Euskal Herrian lehen aldiz ikusiko da) eta Bilgune Feministak eta Emaginek ekoiztutako “Sukaldetik plazara. Ipar Euskal Herriko emazteen askapen mugimenduaren historia” dokumentala eskainiko dituzte. Ikusitakoaz hausnartze aldera, dokumentalaren ostean solasaldia egingo dute.