Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako euskaltegi publiko eta pribatu homologatuetan 40.000 ikasletik gora ariko dira ikasturte honetan euskara ikasten. Ikasle horiek ba al dute egun dauden euskara agiri eta proben inguruko berri? Galdera horri erantzungo dio Saioa Labaka kazetariak, ARGIA astekariaren hurrengo zenbakian (2.062). Erreportaje hori ardatz izanik, Interneten topatutako informazioa ekarri dugu hona. Agiri bakoitzaren ezaugarriez gain, norbera etxean trebatzeko azterketa ereduak ere topatu ditugu.
Helduen euskalduntze-alfabetatze prozesua euskaltegien eta HABEren bitartez bideratzen da. HABEk, 2000. urtean Helduen Euskalduntzearen Oinarrizko Kurrikuluma (HEOK) jarri zuen abian. Helduek euskara ikasteko garaian jarraitu behar duten prozesua zehazten duen programazio horrek (euskaltegiek euren ezaugarrietara egokituko dute gero) euskalduntze prozesua lau mailatan bereizten du: 1. maila (1-6 urratsak), 2. maila (7-9), 3. maila (EGA) eta 4. maila (maila honetako hainbat atal zehazteke daude).
Titulu horiek, ordea, ez dute baliorik leku askotan. Alegia, HABEren gaitasun orokorreko lau mailak ez daude ofizialki homologatuta gainerako erakundeen egiaztagiriekin. Hona erakunde horiek eta bakoitzak banatzen dituen agiriak:
Ondorioz, hainbat adituk dioenez, euskaltegietako irakasle zein ikasleak motibatzeko, beharrezkoa da egiten den lanari balio ofiziala ematea eta euskara tituluak baliokidetzea. Eusko Jaurlaritzak eta bertako sailen batzordeak arazoa konpontzeko asmoz hainbat erabaki hartu zituzten pasa den uztailean eta 2007ko uztailerako euskara egiaztatzeko sistema, mailaketa eta ziurtagirien homologazio sistema bateratua lortzea espero da.