argia.eus
INPRIMATU
Instituzioei eta gizarteari “euskaltzaletasunera lerratzeko deia” luzatu die Kontseiluak
  • Euskararen Egunaren harira, irakurketa plazaratu du Euskalgintzaren Kontseiluak. Duela urte adierazi zuten hizkuntza-larrialdia gogoratu dute. Ezinbestekotzat jo dute egoera horren aurrean harturiko itun soziopolitiko berrituaren konpromisoa, eta azpimarratu dute egun itunarekin bat egin dutenak 130tik gora gizarte eragile direla. Idurre Eskisabelek dei egin du abenduaren 27an Bilbo Arena euskaltzalez betetzeko.

Beñat Badiola Etxeberria 2025eko abenduaren 2a
Euskalgintzaren Kontseilua

Irakurketa bateratua egiteko elkartu dira Euskalgintzaren Kontseilua osatzen duten euskararen aldeko gizarte eragileen ordezkariak Euskararen Nazioarteko egunaren bezperan. Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusi Idurre Eskisabelek hartu du hitza, eta aritu da euskararen normalizazio eta biziberritze prozesuak bizi duen “kinka larriaz” eta hura gainditzeko bideaz.

“Larrialditik indarraldira” bidea martxan jartzeko adierazitako konpromisoak berretsi ditu: hizkuntza politiketan jauzi bat bultzatzea, eta euskaltzaletasuna indartzea.

Gogorazi du duela urtebete, Euskararen Eguna baliatuz, adierazi zutela euskara eta euskal hiztun komunitatea hizkuntza-larrialdian zegoela, datu soziolinguistikoetan oinarrituta. Era berean adierazi du hartu zutela konpromisoa euskal gizartearekin eta hitz eman zutela “etsipenari iskin” eginda larrialdia "indarraraldia" bihurtuko zutela. Horren emaitza gisa eratu zen itun soziopolitiko berritua: Itun soziopolitiko berrirako eskaintza. Egun Euskal Herri osoko 130tik gora gizarte eragile dira bat egiten dutenak euskararen normalizazio eta biziberritzean egiteko itun horrekin: Athletic edota Reala, Bizkaiko Abokatuen Elkargoa zein Gipuzkoako Erizainena, Mondragon Korporazioa zein Iparraldeko Laborantza Ganbera, Bilgune Feminista eta pentsionisten elkarteak, Euskal Aktoreen Batasuna zein Nafar Ateneo, batzuk aipatzearren. Kontseiluak esan duenez, atxikitutako azkenak dira EHU, Deusto Unibertsitatea eta Labayru Fundazioa.

Beharrezkotzat ikusi du euskararen normalizazioa ekarriko duen akordio soziopolitiko hura hizkuntza ideologia "supremazista eta baztertzaileak" gainditzeko eta aurrera egiteko hizkuntza berdintasunean, justizia sozialean, askatasunean eta bizikidetzan. Etorkizunean herritar denak euskararen jabe izan behar direla eta erabileran eragiteko, euskara normal erabiltzeko eremuak sortu, garatu eta hedatu behar direla. 

Hori guztia kontuan harturik, Larrañagak eskatu dio gizarteari euskaltzaletasuna eta euskararen aldeko ekimenak bultzatzeko. Era horretan, dei egin du Bilbo Arena abenduaren 27an euskaltzalez betetzeko, "bihurtu dadin pizkunde berri baten lehen txapa". Ekitaldiaren informazioa, egitaraua eta sarrerak www.pizkundea.eus atarian daude.

Azkenik, erakundeekin elkarlanean jarraitzeko borondatea azaldu du, eta adierazi du euskarari etorkizuna emateko ezinbestekoak direla euskalgintzak metatutako ezagutza, giza kapitala eta engaiamendua. Erakundeei aitortza hori egitea eskatu die Euskalgintzaren Kontseiluak.