argia.eus
INPRIMATU
Euskaltzale independentistak Behorlegiko kanpaldian bildu dira, Nafarroa Behereko EHEk gonbidatuta
  • Ez diote ezeri muzin egin nahi opor giroan: natura, aisialdia eta gogoeta izango dira ardatz Euskaltzale Independentisten Akanpadan, abuztuaren 25etik 31ra.

ARGIA @argia 2025eko abuztuaren 25
EHEk Baionako epaitegian egindako ekintza Euskararen Nazioarteko Egunean. EHE

Nafarroa Behereko EHEk antolatu du kanpaldia eta Bidondo aterpetxean hartuko dituzte euskaltzaleak. Euskaltzale independentista oro ongi etorria izango dela adierazi dute antolatzaileek. Hiru helburu finkatu dituzte egunotarako: “Euskararen, justiziaren eta independentziaren aldeko borrokez gogoetatzea”, “Euskaltzale independentisten arteko harremanak sakontzea” eta “Euskaraz libertitzea eta naturaz gozatzea”. Opor garaia baliatuta, parte-hartzaileek gogoeta lasai egiteko parada hartzea nahi dute, eta era berean, aisialdiaz eta naturaz gozatzea. Hala, mendian eta errekan ibiltzeko aukera izango dute, baratzean aritzekoa ere bai, baita kirola egiteko parada ere.

Eztabaida eta hausnarketarako hitzaldiak

Asteartean, EHEko Intza Gurrutxaga Loidik Justizia euskaldunontzat; euskaldunak justiziaren alde; independentzia euskaraz bizitzeko eta justizia gauzatzeko hitzaldia eskainiko du. Iraia de la Torre Landera, berriz, Geldi euskara bigarren mailako hizkuntza gisa tratatzea izenburupean arituko da. Asteazkenean, Ekain de Olanok Geldi Euskal Herrian frantsesez edo gazteleraz bizi nahi dutenak pribilegiatzea! hitzaldia emango du.

Osteguneko eta ostiraleko saioetan Gorka Roca Torre arituko da. Intsumisio eta desobedientzia zibilaren praktika historikoez hitz egingo du ostegunean, eta ostiralean, gai hori euskararen aldeko borrokarekin lotuko du. Larunbatean, Ipar Euskal Herrian herrien euskal izenak ofizialtzeko egiten ari diren borrokaz arituko dira.

Igandean, astean zehar egositakoaren bilduma eztabaida bat egingo dute. Ondoren, bertso bazkaria izango dute Haira Aizpurua Ibargarai, Ramuntxo Christy Biscay eta Maddi Ane Txoperena Iribarren bertsolariekin.  26tik 30era Elea Festibal akustikoaz gozatzeko aukera izango dute parte-hartzaileek. Kantaldiak eskainiko dituzte Amaren alabak, Xabi Etxeberri, Marie Irigoien eta Pantxix Bidart, Kamila Zubeldia eta Aguxtin Alkhat, eta Paco Etxebersek.