argia.eus
INPRIMATU
Euskaltelen salmentan "hazteko aukera bat" ikusten du Urkulluk
  • Enpresak sustraiak Euskal Herrian mantentzeko bermeak daudela ziurtatu du EAEko Lehendakariak. Operazioak piztu duen kezkari garrantzia kendu dio.

ARGIA @argia 2021eko apirilaren 12a
Irudia: eitb.eus.

Iñigo Urkulluri elkarrizketa egin diote Radio Euskadin astelehen goizean, eta besteak beste MasMovil enpresak Euskaltel erosi izanaren inguruan aritu da. Operazioak kritika ugari jaso ditu esparru politiko, enpresarial zein sozialean –diru publikoa esparru pribatura bideratzea dela salatu dute; edo industria estrategiko bat galtzea dakarrela–. Urkulluk onartu du kezkak egon badaudela, baina garrantzia kendu die, aurreko urteetako operazioetan ere “ zoritxar-iragarleak” azaldu zirela esanez.

Batetik, euskaltelen salmenta “merkatuen” garapenaren ondorio dela adierazi du EAEko Lehendakariak: "Merkatu global batean gaude. Orain 25 urte jaio zen Euskaltel, beste testuinguru batean, tokiko merkatu batean eta lehiakide gutxirekin. Euskaltelek bere eboluzioa izan du, akziodunek ere bai, eta ezin da ahaztu aldatuz joan diren arautegietara egokitu behar izan dutela". Bestetik, Euskaltelen iraupena eta EAEn sustraiak mantentzea bermatuta dagoela ziurtatu du. Euskaltel eta MasMovilen arteko salmenta akordioak jasotzen du gutxienez bost urtez mantenduko dela egoitza soziala EAEn eta Euskaltel marka bera, baina Urkulluren esanetan, “sustraitze bermeak lehen bost urte horietatik harago" doaz.