Asteazkenean atera da burtsara Euskaltel telekomunikazio enpresa eta lehen egunean bere akzioak 5,8 igo dira. Euskaltelek bere kapital sozialaren %63,5a atera du burtsara –80,4 milioi euro– eta goiz hasieran akzioek 9,50 euroren balioa bazuten, egun amaieran 10,05 .
Alberto Garcia Erauzkin Euskalteleko presidenteak esan du atzoko ekitaldia “historikoa” izan zela nazioarteko inbertsoreak erakartzeko “amua” izango baita. Euskaltel burtsan egotea “herri proiektu” bezala definitu du Erauzkinek.
Ekai Centerreko Eñaut Apaolazak Info7n Irratiari emandako elkarrizketan esan du Euskaltel sorreran –90eko hamarkadan– “herri ikuspegitik” sortutako komunikazio enpresa zela, bertan diru publiko asko inbertitu baitzen. Edonola ere, oraindik Kutxabank izango da akzio gehien dituen enpresa.
Apaolazaren iritziz Euskaltelen proiektu garrantzitsuena Zuntz Optikoa izan da. “Balio handia” daukan sare hau diru publikoarekin erosi zen. Gaur egun, ordea, Euskal Autonomi Erkidegoaren jabetza izateari utzi eta inbertsore atzerritarren esku geldituko da.
Telekomunikazio enpresa burtsara ateratzearen ondorioz Zuntz Optikoaren balioa asko handitu da. Ekai Centerreko kideak esan du Euskaltel pribatizatzen hasi zenean bere kotizazioa “oso baxua” zela eta honek ”inbertsore europar eta estatubatuarrak” erakarri zituela. Duela hiru urte Euskaltelek kapitalaren erdia telekomunikazio enpresari atzerritar bati saldu zion 200 milioi euroren truke. Gaur egun akzioen balioa hirukoiztu baina gehiago egin da.
LAB eta ELA sindikatuek Euskaltelen “pribatizazioa” gaitzesteaz gain komunikazio enpresaren 25 zuzendarik burtsara ateratzeagatik jasoko dituzten 41 milioi euroko “bonus”ak kritikatu dituzte.