EAEko Justizia Auzitegiak berretsi egin du Parisko Nazioarteko Arbitraje Gortearen epaia, eta hortaz, Euskaltelek 222 milioi euroko kalte-ordaina eman beharko dio Orangeri. Haien artean lehiarik ez egiteko kontratua hautsi eta 230.000 bezero bereganatu izana leporatzen diote Euskalteli. Telefono konpainiako arduradunek ez dute argitu nola egingo dioten aurre isunari.
Isuna ordaintzeko aukeretako bat da kapitala handitzea, baina baita aktiboak saltzea ere. Hain zuzen, Euskaltelen akziodun nagusia den Kutxabank-ek –%68aren jabe da– konpainiaren zati bat saltzea aurreikusia zuen, Mario Fernandez Kutxanbank-eko presidenteak urtarrilean iragarri zuenez. Zehazki akzioen %18 jarri nahi du salgai eta erosleen artean legoke Carlyle inbertsio funts estatubatuarra. Euskaltel-en balioa 800 eta 1.000 milioi euro artean neurtu dute.
Orangeri isuna ordaintzeko epaiak Euskaltelen etorkizunean nola eragingo duen ikusteko dago. Hain zuzen, gaur El País egunkariak argitaratu duenez, Mario Fernandez izan zen Euskaltelen defentsaren arduradun epaitegietan, Uria y Menendez abokatu bufetearen bidez. Bestalde, Alberto Garcia Erauzkin Euskalteleko presidenteak adierazi du inbertitzeko planei eutsiko diela. Euskaltel Interneteko banda zabaleko eta telefonia finkoko liderra da Gipuzkoan, Araban eta Bizkaian; iaz 38 milioi euroko irabaziak izan zituen.