Euskaltelen filosofia aldaketa kritikatu dute taldean aritutako txirrindulariek


2012ko irailaren 24an - 00:00
Azken eguneraketa: 2015-02-26 13:37:33
Egun Radioshack taldean dauden Haimar Zubeldia eta Markel Irizar dira Euskalteli filosofia aldatzeko eskatu dioten txirrindularietako bi (Argazkia: Ruben Plaza / Deia)

"Gure ohartarazpena proiektu berriaren norabidea zuzendu ahal izateko nahikoa denborarekin iristea espero dugu. Ez dugu hartutako norabide berria ulertzen. Garaiz iristea espero dugu, ez dadin gertatu emaitza onak dituzten euskal txirrindulariak kanpoko taldeetan ari diren bitartean, kanpoko txirrindulariak izatea euskal talde baten proiektua bizirik mantentzen lagunduko dutenak. Paradoxikoa da".

Kontua da World Tour ligan lehiatu ahal izateko taldeko txirrindulariek emaitzen araberako puntu kopuru bat pilatu beharra dutela, eta Euskalteleko ziklistek aurten lortu dituzten emaitzek ez dutela etorkizuna –liga horretan bederen– guztiz bermatzen.

Beharrezkoa al da atzerritarrak fitxatzea?

BAI

"Euskaltelek lortu behar duena da euskal txirrindulariek puntu gehiago biltzea, baina goi mailan mantentzea ahalbidetuko duen txirrindulari belaunaldia agertu bitartean, ez dago kanpoko ziklistak fitxatzea beste aukerarik". Biciciclismo webguneak atzo plazaratutako analisi mamitsuko pasartea da hau. "Gainera, World Tour ligan mantenduta taldekide kopurua 23tik 28ra pasatzen bada, euskal txirrindularien kopuruan apenas egongo da aldaketarik", jarraitzen du. "Gainera, merkatuan ez dago nahikoa puntu dituzten txirrindularirik. Beñat Intxaustik, Haimar Zubeldiak eta Jonathan Castroviejok esaterako [hiruek sinatu dute agiria], hiruen artean ez dute Reinardt Janse Van Rensburg edota Gediminas Bagdonas bezalako ziklistek baino puntu gehiago aportatzen. (...) Euskaltel soilik euskalduna? Posible da, baina beharrezkoa da etxeko txirrindularien emaitzak hobetzea. Eurak dira euren buruak exijitu behar dituzten aurrenekoak. World Tourrean eta soilik euskalduna... ez da posible urtean zortzi garaipen lortuta. Aldaketa beharrezkoa da. Atzerritarrak fitxatu behar dira, baina epe ertain eta luzera begira, ezinbestekoa da etxeko txirrindularien emaitzak hobetzea. Euren esku dago goi-mailan soilik euskal txirrindulariek osatutako talde bat egotea".

EZ

"Puntudun atzerritarrak fitxatzeak ez dio Euskalteli World Tour izaten lagunduko", idatzi zuen Joseba Iturriak abuztuan Gara egunkarian: "2013an World Tour ligan leku bat izateko, beharrezkoa da puntuazio-sistema konplexu bat oinarri duen rankinean 15 lehenengoen artean sailkatzea. Taldeek 2012an lortutako emaitzak eta taldeko hamabi txirrindulari onenek 2011n eta 2012an lortutakoak hartzen dituzte aintzat. Euskalteli ezer gutxi balio dio World Tour sailkapenean 13. egotea. Puntuazio-sistema konplexu horren ondorioz, Euskaltelek ezin du 15 lehenengoen artean sartu, puntuak emango lizkioketen txirrindulariak fitxatu arren. Ondoren, UCIk, 16. eta 20. postuen artean sailkatutako bost taldeen artean, beste hiru hautatzen ditu World Tourra osatzeko". Hiru talde horiek hautatzean, UCIk ez ditu puntuak aintzat hartzen, eta Euskaltelek abantaila izango luke, Iturriak gaurko Garan idatzi duen moduan.

Amets Txurruka eta Iban Velasco, taldetik at

Euskalteleko taldekide ohiek atzo zabaldutako agirian diotenez, Amets Txurrukak eta Iban Velascok taldean jarraituko ez dutela jakiteak eraman ditu isiltasuna haustera: "Amets guztiok estimatzen dugu, eta zaleentzat ikonoa da, bere adiskidetasun, ausardia eta esfortzuagatik. Velascori ere sekula ez dio minik eman zeukan guztia besteen alde emateak. IGGk (sic.) emandako argudioak –punturik eza eta progresio falta– kolpe zikina dira proiektu honek hasieratik –Miguel Madariaga buru– defenditu dituen balore eta espirituari".

[Irakurri pasa den astean Goienak Velascori egindako elkarrizketa: "Sistema honekin inork ez du talde lanik egin nahiko"]

Eta, orduan zer?

Ba, zer nahi duzue esatea: Ez dakit. Niri ere, zaletu gisa, Velascori eta bereziki Ametsi kontratua luzatuko ez dietela jakiteak min eman zidan. Atzerritarrak fitxatzeko asmoak ere mindu ninduen, baina, tira, elitean mantentzeko beharrezkoa bada, ez naiz nor kalapitan hasteko. Orain, ordea, ikusi dut puntako euskal txirrindulariak kexatu direla eta, kontxo, horiek badira norbait txirrindularitzaren mundu ero honetan.

Baina, dituzten kontratuak amaitzean izango al lukete interesik Euskaltelera itzultzeko? Eta Euskaltelek izango luke interesik –eta dirurik– haiek fitxatzeko? Haien puntuak beharrezkoak lirateke World Tour ligan soilik etxeko txirrindulariekin osatutako talde bat izateko? Zer egin behar da euskal txirrindularien belaunaldi sendo bat ateratzeko? Nori dagokio lan hori egitea? Zer da garrantzitsuagoa, goi mailan mantentzea ala hasierako baloreei eustea? Galdera mordoa, eta are erantzun gehiago. Ikusiko dugu egoerak noruntz joko duen.


Azkenak
2024-03-31 | Julen Azpitarte
Zinearen historiako film-kontzerturik “onena”

Oscar sari andana jaso zuen The Silence of the Lambs (1991) thriller-a zuzendu zuen Jonathan Demme (1944-2017) zinegile estatubatuarrak estreinatu zuen zineak inoiz eman duen kontzerturik onena: 1970eko hamarkadaren erdialdean New Yorken eratutako Talking Heads taldearen Stop... [+]


"Enpresa pribatuen esku utzi da segurtasun publikoaren norabidea"

Ertzaintzaren azken hamarkadako bilakaera teknologikoa aztertu du bere liburu berrian Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetari, kriminologo eta ARGIAko kolaboratzaileak. Segurtasunaren industria ikertu eta Ertzaintzarekin duen lotura plazaratu du, La Ertzaintza que viene... [+]


Campi Bisenzioko GKN fabrikan batu dituzte langile borroka eta ekologismoa

2021eko uztailaren 9an jaso zuten kanporatze abisua Campi Bisenzioko GKN lantegiko 422 langileek. Biharamunean berean abiatu zuten fabrikaren okupazioa eta orduz geroztik bertatik dabiltza borrokan, deslokalizazioaren aurkako borroka zena bestelako industria eredu baten aldeko... [+]


Judith Bilelo Biachó
"Erakundeek ez digute lagunduko, guk geure hizkuntzan hitz egitea lortzen ez badugu"

Judith Bilelo Biachó gure artean izan zen iragan udazkenean, Garabideren Aditu programaren karietara. Ekuatore Ginean jaioa (Malabo, Bioko, 1975), bubi etniako kide da, bubiera hiztun eta hizkuntzaren aldeko militantea. Iraganaz bezainbat mintzo da orainaz, geroari... [+]


Eguneraketa berriak daude