argia.eus
INPRIMATU
Euskaltel, berriz ere Euskadi Fundazioaren babesle
  • Euskaltel txirrindularitzara itzuli da. 2013an utzi zion Euskadi taldearen babesle nagusia izateari, 1997an abiatutako bidea amaitutzat edo, orain ikusi dugun moduan, denbora baterako etenaz. Garai batean Miguel Madariagak eta gaur egun Mikel Landa ziklistak zuzentzen duen Euskadi Fundazioa babestuko du, hainbat hedabidek zabaldu dutenez.

Jon Torner Zabala @jtorner 2020ko otsailaren 27a
Taldearen aurkezpen-argazkia, denboraldi honen hasieran / Euskadi Fundazioa

2014an sortu zen taldea, eta Euskaltel hiru urte geroago sartu zen babesle moduan. Denboraldi honetan, Orbea eta Etxeondo marken babesaz gain, Euskadiko Kutxarena eta DBA Bilbao Port erakundearena ere badauka Fundazioak. ProTeam mailara egin du jauzi eta, hortaz, WorldTour kategoariako lasterketetan parte har dezake gonbidapen bidez. Espainiako Vueltak, esaterako, bi gonbidapen banatuko ditu aurten Burgos BH, Caja Rural-RGA eta Euskadi Fundazioaren artean.

Euskaltel: Virgin marka erabiltzeko akordioa

Hilaren 12an, Euskaltelek jakinarazi zuen akordioa sinatu zuela Virgin konpainiarekin, haren marka baliatzeko Espainiako Estatuan. Plazaratutako oharrean, Euskaltelek zioen Virgin marka "funtsezko elementua" dela Euskaltelek oraindik presentziarik ez duen Espainiako lurraldearen %85era hedatzeko egin duen planean. Gaineratu zuen Virgin "marka oso ezaguna" dela Espainian, eta 15 milioi telekomunikazio-bezerok baino gehiagok erabiltzen dutela mundu osoan: "Euskaltelen gaitasun operatiboak, Virgin markaren sendotasunarekin batera, erreferentziazko operadore nazional baten sorrera bultzatuko du".

2019an 62 milioi euro irabazi zituen Euskaltelek, 2018an baino 0,8 milioi euro gutxiago.