argia.eus
INPRIMATU
Euskaltegien esku utziko du Jaurlaritzak ekaineko HABEko azterketen ahozkoa ebaluatzea
  • B2, C1 eta C2 mailetako azterketak ostiral honetan egingo dira, baina koronabirusaren krisiak eraginda, salbuespenezko neurria iragarri du Jaurlaritzak: ekaineko deialdian, euskaltegiek erabakiko dute ikasle bakoitzak ahozko azterketa gainditzen ote duen.

ARGIA @argia 2020ko ekainaren 10
Barakaldoko BECen egingo dira HABEko azterketak ostiral honetatik aurrera.

HABEko azterketak egingo dituzte ostiral honetan Barakaldoko BECen eta COVID-19aren pandemiak eraginda, neurri bereziak hartu ditu administrazioak. B2, C1 eta C2 mailak lortu nahi dituzten ikasleei ez zaie ahozko azterketarik bertan egingo. Salbuespenezko erabakia izan da Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordetzak jakinarazi duenez. Beraz, aurten euskaltegiak izango dira ikasle batek ahozko maila nahikoa duen edo ez erabakiko dutenak.

Jaurlaritzak Noticias de Gipuzkoa egunkariari azaldu dionez, ahozko azterketak ohiko moduan egingo balira –koronabirusak eskatzen dituen segurtasun neurri guztiak kontuan hartuta–, ez litzateke bideragarria udazkeneko deialdia garaiz egitea eta 2021erako hiru deialdi kudeatu beharko lituzkete.

Hori bai, deialdi honetan bakarrik aplikatuko da salbuespena. Aurtengo udazkeneko azterketak, adibidez, ohiko moduan egingo direla ziurtatu dute EAEko Gobernuko iturriek.

Neurri berezia beraz, urte berezian: beste urte batzuetan baino jende gehiago matrikulatu da aurten hiru mailetako azterketetara. 12.161 lagunek pasako dute azterketa guztira. Gorakada horren zergatia: EAEko administrazioan enplegu eskaintza publiko asko datozela laster eta plaza lortu ahal izateko hizkuntz eskakizunen premia daukate funtzionariogaiek.