Euskalerria irratiko ordezkariak Europako Parlamentuan agertu dira gaur, Izaskun Bilbao Barandica EAJko eurodiputatuak hala eskatuta, Nafarroako EAJrekin batera.
“Agerraldi hau, Euskalerria irratiak bizi duen egoera bidegabearen aurrean egindako salaketaren barruan sartzen da. Euskal hizkuntza eta kulturaren aurkako politika batetik bideratutako egoera pairatzen du irratiak, Europako Kontseiluak ezarritako eskaerak betetzen ez dituena”, esan du EAJk Europako parlamentura bidali duen oharrean.
“Nafarroan euskalduna den gauza oro estigmatizatu egiten da debate politikoa saihesteko eta bertako kultura pluraltasuna ezeztatzeko” dio oharrak jarraian.
17 herrialdetako 55 eurodiputaturen aurrean hitz egin dute. Eurodiputatuen taldeko bozeramaileak aurkezpena egin du eta gero Euskalerria irratikoei hitza eman die.
Irratiko arduradunek deialdia egin dute Estrasburgotik, “Nafarroako gobernuak euskarazko hedabideei ematen dien tratu onartezina aldatzeko eskatuz”.