argia.eus
INPRIMATU
Euskalerria Irratiaren programazio osoa aintzat hartu gabe egin da lizentzietarako puntuaketa
  • Euskalerria Irratiak Nafarroako irrati lizentzien banaketa prozesua gelditzeko eskatu du, puntuaketan bere programazioaren zati bat aintzat hartu ez dutelako.

Gorka Bereziartua Mitxelena @gorka_bm 2013ko otsailaren 20a
Euskalerria Irratiko kideak atzo batzarrean (argazkia: Iban Aginaga / Diario de Noticias).

Urtarrilaren amaieran jakinarazi zuten lizentziak banatzeko behin behineko puntuaketa. Cope eta SER irrati kate espainiarrak Euskalerria Irratiaren aurretik geratu ziren, sei puntuko aldearekin lehena eta lau puntukoarekin bigarrena.

Baina programazioaren atalari dagozkion hamar puntuak baloratzerakoan diferentzia handiak egon direla antzeman dute Iruñerriko irrati euskalduneko kideek: SERek eta Copek hamarretik 9 eta 9,5 puntu atera dituzte eta Euskalerria Irratiak bi puntu besterik ez.

Madrilekin konektatzeak saria dauka

Puntuaketa baxu horren arrazoia: Euskalerria Irratiaren programazioaren zati bat ez dutela baloratu. Epaimahaiak ez ditu kontuan hartu Euskalerria Irratiak Euskadi Irratiarekin egiten dituen deskonexioak eta aldiz, Copek eta Serrek euren Madrilgo emandegi nagusiarekin egiten dituzten loturak puntuaketan sartu dituzte.

Antzeko irregulartasunak izan ziren Nafarroako irrati-lizentzien aurreko lehiaketan, 1998. urtean. Ordukoan, epaimahai teknikoak baloratu gabe utzi zituen alorrak erabaki politiko baten bidez ebatzi ziren, Euskalerria Irratia lizentziarik gabe utziz.

Aurtengo puntuaketan izandako irregulartasunak argituko ote diren zain egon gabe, Euskalerria Irratiko kideek aurrera jarraituko dute Zuen Baimenarekin bazkidetza kanpaina hauspotzen.

Hainbat bazkide berri lortu dituzte eta martxoaren 6an Nafarroako Diputazioaren aurrean zita egin dute irratiko kideek, proiektu komunikatiboa babesten duten herritarrez lagundurik argazki bat ateratzeko.