argia.eus
INPRIMATU
Euskalerria Irratiak babes zabala jaso du
  • Euskalerria Irratiak herritar ugariren babesa jaso zuen atzo Iruñean, baita gizarte, politika, euskalgintza, sindikatu eta kultura arloko dozenaka eragilerena ere. Emititzeko lizentzia eman diezaion eskatu zioten Nafarroako Gobernuari, Diputazioaren aurrean egindako elkarretaratzean.

Jon Torner Zabala @jtorner 2013ko martxoaren 07a
Irratiaren logoa proiektatu zuten Diputazioaren fatxadan.

"Traba administratibo guztien gainetik, eta publizitate eta laguntza instituzional guztien azpitik, Euskalerria Irratiak mende laurdena darama Iruñerriko dialean bere 8.000 entzuleen, 1.000 bazkideen, ehunka iragarleen eta 150 kolaboratzaileen baimenarekin", dio Euskalerria Irratiak plazaratutako agiriak. "Finean, Nafarroako gizartearen baimenarekin".

"Ez dira soilik urratzen ari Euskalerria Irratiaren emititzeko eskubidea. Horrekin batera, Nafarroako herritarrok euskaraz, gure bi hizkuntza propioetako batean, komunikabideak gozatzeko dugun eskubidea urratzen ari dira".

Besteren artean, Sabino Cuadra eta Uxue Barkos diputatuak; Bakartxo Ruiz, Maiorga Ramirez, Patxi Zabaleta, Patxi Leuza eta Txema Mauleon parlamentariak; Iruñeko Udaleko zinegotzi Aitor Lakasta, Jorge Mori, Eva Aranguren, Aritz Romeo eta Edurne Egino; ELA, LAB, EILAS, CGT, ESK, UGT eta CCOOko ordezkariak; Herrira mugimenduko eta SOS Arrazakeriako kideak; Euskaltzaindia, Topagunea, Kontseilua, AEK, EHE, IKA eta euskalgintzako beste hainbat eragile; ARGIA, Berria, Gara eta Diario de Noticias-eko kazetariak; Inma Errea eta Hedoi Etxarte idazleak; Julio Soto bertsolaria; NUP, Sortzen-Ikasbatuaz eta Ikastolen Federazioko ordezkariak; eta Lorena Arangoa eta Ainhoa Juaniz aktoreak izan ziren elkarretaratzean.

Elkarretaratzearen ingurukoak Twitterren: