Euskalerria Irratiaren aldeko elkarretaratzea egingo da gaur Iruñean, Diputazioaren aurrean, 20:00etan. Nafarroako Gobernuak emititzeko lizentzia ukatu dion arren, irratiak bere lana egiteko gizartearen baimena duela aldarrikatuko dute herritarrek.
Gizarte, kultura, euskara, hedabide, politika eta kirol arloko eragileek babestu dute elkarretaratzea, haien artean Oier Sanjurjo Osasunako jokalariak, Julio Soto bertsolariak, Edurne Elizondo eta Carlos Perez Conde kazetariek, Patxi Tuñon Comptos Ganberako presidente ohiak, Garbiñe Petriati Behatokiko buruak, Alvaro Arizaleta El Columpio Asesino taldeko abeslariak eta Helena Taberna zinema zuzendariak.
"Traba administratibo guztien gainetik, eta publizitate eta laguntza instituzional guztien azpitik, Euskalerria Irratiak mende laurdena darama Iruñerriko dialean bere 8.000 entzuleen, 1.000 bazkideen, ehunka iragarleen eta 150 kolaboratzaileen baimenarekin", dio eragileok astelehenean kaleratutako agiriak. "Finean, Nafarroako gizartearen baimenarekin".
"Ez dira soilik urratzen ari Euskalerria Irratiaren emititzeko eskubidea. Horrekin batera, Nafarroako herritarrok euskaraz, gure bi hizkuntza propioetako batean, komunikabideak gozatzeko dugun eskubidea urratzen ari dira. Horregatik eskatzen dugu ahalik eta azkarren eman diezaiotela emititzeko lizentzia. Eta eskatzen diogu bitartean aurrera segi dezala, gure baimenarekin".
Agerraldiaren ingurukoak zeresana ematen ari dira Twitterren: jarraitu jarioa beheko leihoaren bidez: