Aurtengo ikasturtean A2 mailara arteko ikastaroetako dirua itzuliko dute EAEn, baita C1ekoak 16-18 urteko ikasleei ere. Nafarroan A1 mailan matrikularen prezioa itzuliko diete.
Heldu da iraila eta horrekin bat, ikasturte berria. AEK-k asteartean aurkeztu du 2025-2026 ikasturtea, eta euskararen unibertsalizatzea helburu, euskalduntze prozesua doan izan behar dela aldarrikatu du: “Euskalduntze prozesu osoan doakotasuna ezarri behar da euskara ikasteko eskubideari egoki erantzuteko”. Hori horrela, “oso era positiboan” baloratu ditu doakotasunera bidean emandako urratsak: Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan A2 mailara arteko ikasleek eta C1eko 16-18 urtekoek diru “gutxiago” ordaindu beharko dute eta dirua itzuliko diete; Nafarroan A1 mailan gertatuko da hori. Ipar Euskal Herriko kasuan, aldiz, enpresen bidez egongo da doakotasunerako aukera: formaziorako aukera eskainiko dute, eta langileek doan izango dituzte.
Asteartean onartu du Eusko Jaurlaritzak A1-A2 mailetako eta C1 mailako 16-18 urte arteko ikasleen dirulaguntza proposamena. Ibone Bengoetxea Lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak adierazi du programaren helburua euskararen ikasketa erraztea dela, eta, hain zuzen ere, jakintza areagotzea gobernuarentzat “estrategikoa” dela gehitu du. Pausoak ematen jarraituko dutela adierazi du.
AEK-k “Euskal Herriko biztanle guztiak euskaraz eroso bizitzea” du helburu, eta horretarako ezagutzaren unibertsalizazioa “behar-beharrezkoa” dela iritzi dio. Horri hertsiki lotua dago doakotasunaren premia, baita "irisgarritasuna” ere. Hori horrela, UEMArekin egindako lankidetza medio, UEMAko udalerrietan euskara eskolak emango dizkiete, doan, euskaraz ez dakiten gurasoei.