argia.eus
INPRIMATU
'Euskaldunon Egunkaria' itxi zutela 20 urte dira gaur
  • Otsailaren 20an bete dira 20 urte Euskaldunon Egunkaria Guardia Zibilak indarrez itxi zuenetik, Juan del Olmo Auzitegi Nazionaleko epailearen aginduz. “Euskarazko egunkaria itxi duzue baina hemen gaude”: halaxe erantzun zuten langileek, biharamunean Egunero argitaratuta. Lau hilabetera sortu zen Berria.

ARGIA @argia 2023ko otsailaren 20a

2003ko operazioan hamar lagun atxilotu zituzten, eta bost egun egin zituzten inkomunikatuta. Egun horietan torturatuak izan ziren. Hurrengo egunean, Egunero ateratzea lortu zuten langileek, eta bi egunera, Donostian inoiz egin den manifestaziorik jendetsuena egin zen itxieraren aurka. 2010ean absoluzio epaia iritsi zen, eta 2014an auzi ekonomikoa itxi zen.

Hamar lagun atxilo

2003ko otsailaren 20an, ostegunez, goizaldean abiatu zuten Egunkariaren kontrako polizia operazioa. Andoaingo, Bilboko, Donostiako, Gasteizko eta Iruñeko egoitzetan sartu ziren guardia zibilak, besteak beste. Aldi berean, Egunkaria-n eta hura sortu zuen enpresan ardura postuak izan zituzten hamar pertsonen etxeetan indarrez sartu eta terrorismoaren kontrako legea baliatuta atxilotu zituzten: Joan Mari Torrealdai, Iñaki Uria, Txema Auzmendi, Martxelo Otamendi, Pello Zubiria, Xabier Oleaga, Xabier Alegria, Fermin Lazkano, Luis Goia eta Inma Gomila. "Amesgaiztoa hasi besterik ez zen egin", Berria-ko kazetari Jon Ordoñez Garmendiak idatzi duen moduan itxieraren bueltan plazaratutako erreportajean.

'Egunero behar genuen'

Hamabi urte iraun zuen Euskaldunon Egunkariak, eta lau hilabetera haren lekukoa hartu zuen Berriak. Tarteko lau hilabeteetan argitaratu zuten Egunero  behin-behineko kazeta. "Egunkari prekario eta ez normala" izan zela gogorarazi zuten pasa den astean Egunero behar genuen liburuaren aurkezpenean Imanol Murua Uria egileak, Irune Lasa Euskaldunon Egunkariako, Egunero-ko eta Berriako kazetariak, eta Martin Anso editoreak. Lehen biak lanean ari ziren 2003an guardia zibilek Andoaingo egoitzan indarrez sartu eta zenbait lagun atxilotu zituztenean. Gogoan dute segidan elkartu zirela Egunkariko langileak, eta denek argi zutela biharamunean ere zerbait argitaratuko zutela. Hori izan zen Eguneroren hasiera, eta Berria sortu arte iraun zuen, lau hilabetez.

Egunkariaren itxieraren osteko erantzunean, “gakoa izan zen Egunero”, aurkezpenean azaldu zutenez. “Espainiako Auzitegi Nazionalari eta Guardia Zibilari esan genien: ‘Euskarazko egunkaria itxi duzue baina hemen gaude’”. Behin-behineko egunkariaren garrantzia azpimarratu dute, katebegi izan zelako: “Euskal egunkariak etenik ez izatea lortu genuen”. Halere, jakitun ziren egunkari prekarioa eta ez normalizatua zela, “nekez egin zitekeelako egoera hartan egunkari normalik”, Ansok berretsi duenez.

Lasak zehaztu du euskal kazetaritzako “erresilientziaren ikurra” dela Egunero. Muruak gehitu du hiru osagai izan zituztela argitaratzerakoan: atxikimendua, elkartasuna eta amorrua. Hortik atera zen “inoiz gehien saldu den euskarazko egunkaria”. Azaldu dute jendearen laguntzak bultzada handia eman ziela, eta ez dutela ahaztuko, besteak beste, Donostian egin zen manifestazio jendetsua.