"Euskaldunok elkartasuna adierazi eta kurduekin batera Newroz bizi izan dugu"

  • Martxoaren 21ean kurduen egun handiena ospatu zuten. Amed hiriko ospakizunetan parte hartu zuen Euskal Herritik joandako ordezkaritza batek. Handik bizi izandakoaren berri eman dute kronika eta argazki bilduma honetan.

Argazkia: Kauldi Iriondo

2018ko martxoaren 22an - 11:19

Gorria, horia eta berdea eta Biji Kurdistan oihuak. Ekimen erraldoi honen ezaugarri esanguratsuenak dira. Beste behin ere, Newroz ospatzen da, urte berriari ongi etorria emateko, eta euskaldunok presente gaude berriz.

Newroz, herri kurduaren ospakizun garrantzitsuena, bere nortasunarekin zuzenki lotuta. Egun hau Kurdistango lau eremuetan (Bakur, Basur, Rojava, Rojhilat) ospatzen da. Mugen gainetik, herri kurdua batzen duen ekitadia. Herri eta hiri askotan ospatu arren, Amed-ena (Diyarbakir kurdueraz) da ekimen handiena. Zoroastrismotik eratorritako ospakizuna, herri kurduaren egun nazionala da. Udaberriaren etorrera eta herri kurduaren borroka batzen dituen festa da. Suak berebiziko protagonismoa dauka.

Antzinatik ospatzen da jai hau eta askotan debekatuta egin du Turkiako gobernuak. Aurten, paradoxikoki, ez dute legez kanpo utzi; bi urtetik hona larrialdi egoeran daude Turkiak okupatutako zonalde honetan. Dena den, Turkia osoan eta bereziki Kurdistanen pairatzen den testuinguru errepresiboak eragin argia izan du Newrozeko aurre prestaketan. Hemengo lagunek kontatu digutenez, oso kartel gutxi ikusten dira kalean errepresalien beldur. Izan ere, hiru kolore nazionalak (horia, gorria eta berdea) kaletik eramatea susmagarritzat hartzen du poliziak. Turkiako ikurrak eta Erdoganen argazkiak dira Amedeko kale nagusi batzuetan ikusten direnak. Turkiako ultranazionalismoaren erakusle dira hauek. Azken finean, herri baten errealitatea aldatzeko beste saiakera bat da; eta honekin batera, paisajearen parte dira poliziaren blindatuak, garita ugari eta hiriaren barnealdean dauden kartzelak.

Hala ere, honek guztiak ez du herri kurduaren aldarrikapenak gelditzen eta oztopo guztien gainetik aurten ere ehundaka mila lagun bildu dira Newrozeko ospakizunean. Adin guztietako kurduak eta inguruko herrietatik etorritakoak dira. Urrunetik heldutako delegazioak ere presente egon gara. Euskal Herria, Estatu frantsesa, Italia, Norvegia, Alemania... Guztira 50 bat ekintzaile internazionalista. Euskaldunok elkartasuna ekarri nahi izan dugu eta kurduekin egun hau bizi.

Ez da erraza izan zonaldera sartzea. Ehundaka polizia inguruan, lau kontrol pasa behar izan ditugu. Katxeoak, poltsak arakatzea, pasaporteei argazkiak ateratzea eta gauza batzuk kendu dizkigute, boligrafoak eta presoen banderola kasu. Presentzia poliziala itogarria da eta horrek azaltzen du neurri handi batean kurduen hiru koloreetako zapi gutxi ikustea edota Ocalanen argazki bat ere ez. Sartzen saiatze hutsa urte askotako kartzela zigorrean buka daiteke…

Behin sartuta, delegaritzaren palkotik ekimena jarraitu ahal izan dugu. Aurkezpena, musika-emanaldiak eta HDPko buruzagien diskurtsoa… Afrinen kontrako operazio genozidari aipamena egin zaio eta euskal delegaritzari eskerrak eman zaizkio hain urrunetik elkartasuna ekartzeagatik. Tartean, piztu dituzten suak berotu dute giroa. Han bildu den jendetzak diskurtsoak jarraitu ditu alai dantzatzen zuen bitartean; emakumeak, gizonak, agureak eta umeak elkarrekin.

Ekitaldia 4 orduz luzatu da. Behin programa bukatuta polizia zonaldera sartu da “nahikoa izan duzue” irudikatuz. Nabaritzen zen gorrotoa haien jarreran. Nahiz eta pixkanaka-pixkana eta lasaitasun osoz jendetza Newrozeko gunea atzean utzi, poliziek presiopeko urarekin aldendu diu.

Errepresioaren gainetik, okupazioaren gainetik, debeku eta zentzuraren gainetik, herri kurduaren garrasia eta aurrera jarraitzeko grina indartsuagoak direla agerian geratu da beste behin ere. Nahiz eta, egun Afrinen gertatzen den bezala, herri hau estaltzen eta akabatzen saiatu, herri kurduak bizirik dirau. Eta borrokatzeko prest ere.

Newroz piroz be! Biji Berxwedana Kurdistane!

Kauldi Iriondo Galarragaren argazkiak:

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Internazionalismoa
Askatasunaren Ontzidiak blokeoa apurtu eta laguntza humanitarioa sartu gura du Gazan

Munduko dozenaka erakundek osatzen dute Askatasunaren Ontzidia eta bere helburua da 2007az geroztik Israelek Gazari jarritako blokeoa haustea. Iragan urriaren ondoren blokeo hori erabat areagotu da, eta flota horrek Gazara iristeko saioa egingo du datozen egunetan.


Palestina: (ez) gure izenean

Herritarrok kalera irten gara behin eta berriro Palestinarekin elkartasuna adierazteko. Herriaren nahia argi utzi dugu. Hala ere, instituzioek gor eta tinko jarraitzen dute sionismoari arnasa ematen. Palestinar herriak sufritzen duen genozidioaren inguruko berriak (zaharregiak... [+]


2023-12-12 | ARGIA
Israelek hil dituen milaka palestinarren izenak irakurriko dituzte azpeitiarrek abenduaren 22an

Abenduaren 22an Azpeitiko herriko plazan egingo dute Gazako sarraskia salatzeko ekimena. Herritarrek bata bestearen atzetik irakurriko dituzte ahoz goran Israelek hil dituen dozenaka milaka palestinarren izenak.


Argentinako kronikak (I)
Villalba familiarekin elkartasun internazionalista

Abya Yala historia zapalkuntzaz beteriko bizitza dela esan daiteke. Bertako aberastasun naturalek paper garrantzitsua betetzen dute munduko burgesiaren metatze prozesurako.


2023-05-07 | Axier Lopez
Itxurakeria etiketan hasten da

10 urte bete ditu historia modernoko lan hilketa handienetako batek. Bangladeshko bost mila langilek arropa-fabrika batean lan egitera behartu zituzten egoera penagarrian zegoen eraikin batean. Eta hala, apirilaren 24an Rana Plazako eraikin hori bertan behera erori eta 1.132... [+]


Eguneraketa berriak daude