1990eko uztailaren 15ean Donostiako Belodromoan egindako ekitaldi batean aurkeztu zuten euskarazko egunkariaren prototipoa.
Egunkaria Sortzen talde eragileak bi hilabete lehenago abian jarritako kanpainaren amaiera izan zen Belodromoko ekitaldia eta hantxe abestu zuten 15.000 lagunek lehen aldiz “Egunkaria aurrera!”, Txirri, Mirri eta Txiribitonen Zapi zuria kanta ezaguna berariaz egokituta. Aldarrikapen beharrezkoa zen, EAJren esku zegoen Eusko Jaurlaritzak proiektuarekiko zituen erreparoak eta jarritako trabak ikusita.
Euskaldunon Egunkari-ren “zero” zenbakiaren 25.000 ale banatu ziren eta proiektuan buru-belarri zebiltzanei balio izan zien aurrean zuten erronkari tamaina hartzeko. 56 orrialdeko zenbakia zen, hainbat hedabideetako kazetariek osatutako erredakzio taldeak egina eta Egunkaria Sortzenen kanpainari buruzko 12 orrialdeko gehigarria zekarren.
ARGIAk indar eta baliabide guztiak jarri zituen Euskaldunon Egunkaria kaleratzeko. 80ko hamarkadan pixkanaka astekariaren inguruan gorpuztu ziren informatika enpresa (gaur egun ASP dena) eta Antza inprenta ere funtsezkoak izan ziren horretarako. Zero zenbakia, hain zuzen, Donostiako Egia auzoko Mundaiz kalean ARGIAk eta Antza inprimategiak konpartitzen zuten egoitzan egin zen.