Telecinco-k argitara eman ditu Sanferminetako talde bortxaketa burutu zuten bost gizonezkoen mezu gehiago. Horietako batean euskaldun bati buruan pistola jartzeaz dihardute.
“Momentu batez Euskal Herrian nagoela imajinatzen dut (…) euskaldun hauetako bat hartu eta pistola buruan “¡Que viva España!” abestuarazi, oso ona litzateke”, dio Telecinco-k astelehenean publiko egindako “La Manada”-ko audioak. Audio hau, Sanferminetara bidaian bortxaketa burutzea planifikatuta zeukatela ulertzera ematen duten beste zenbait audiorekin batera, epaiaren bi aldeek Nafarroako justizia-auzitegi nagusian helegiteak jarri behar dituzten astean eman da ezagutzera.
Atzo jakinarazi genuenez, Nafarroako Gobernuak Sanferminetako talde bortxaketaren epaiari helegitea jarri dio. Epaitutako gertaeran bost sexu eraso identifikatzen ditu Nafarroako Gobernuak, eta hori horrela, aurreko epaia baliogabetzeko eskatu eta bost akusatuentzako beste zigor eskaera bat aurkeztu du.