Euskal zinemak Antton Ezeiza galdu du

  • Antton Ezeiza zinemagile eta gidoilaria (Donostia, 1935) hil zen atzo azken urteetan sufritu duen gaixotasun larri baten ondorioz. Euskaraz egindako zinemaren sustatzaile nagusietakoa izan zen, 1980ko hamarkadan besteak beste Ikuska dokumental proiektua eta Ke arteko egunak film luzea gidatuz. Lan praktikoa eta teorikoa uztartu zituen Ezeizak, zuzendari lanaz gain etorkizuneko euskal zinemaren oinarriak zehazten ahalegindu baitzen hainbat artikulu eta eztabaidaren bidez.


2011ko azaroaren 16an - 00:00
Azken eguneraketa: 2015-03-03 15:57:58
Antton Ezeiza 1989an

Bere hirian, Donostian bertan hasi zen Antton Ezeiza zinemarekin zaletzen, baina 1960ko hamarkadaren hasieran Madrilera joan zenean sartu zen benetan zeluloidearen munduan. Elias Querejetarekin egindako harremanak izan zuen zerikusirik horretan. Batera lan egin zuten, Querejeta ekoizle eta Ezeiza zuzendari. Elkarlan horren fruitu dira A través de San Sebastián (1961) eta A través del fútbol (1963) dokumental laburrak. Proiektu handiagoak hartuko ditu Ezeiza-Querejeta tandemak gero esku artean eta 1960ko hamarkadan egingo dituzten pelikula luzeek "Zinema espainiar berria"-ren sorreran berebiziko garrantzia izango dute.

Baina momentu horretan Ezeizak bere kontraesanei aurre egin behar izan zien: "Bidegurutzera iritsi nintzen" adierazi zuen 1980an Punto y Hora aldizkarian egindako elkarrizketan. "Espainiar kulturako zinemagilea eta Euskadiko problema politikoekin eta estrategikoekin obsesionatuta zegoen pertsona nintzen. Ezinezkoa zen bide hartatik jarraitzea. Bitan zatitua. 1970etik 1973an hanka egin nuen arte zinemaren ikuspuntutik ez nuen ezer egin".

Ertamerikara joango da Ezeiza eta han berriz hasiko da zineman lanean. Bi pelikula luze dira donostiarrak Amerikatik ekarri zituen emaitzak, Mina, viento de libertad (1976) eta El complot mongol (1977). Azken hori estreinatu zen urte berean itzuli zen Euskal Herrira, baina ordurako ez zeukan buruan pelikula luze berririk egitea; harago joateko gogoa zeukan. Prentsan argitaratuko dituen artikuluen bidez, etorkizuneko euskal zinemaren oinarriak zedarritzen joango da. Artikulu teoriko horien osagarri praktikoa berriz, Ikuska dokumental saila izango da, Ezeizak berak bultzatua eta hainbat euskal zinemagile elkartu zituena, besteak beste Xabier Elorriaga, Koldo Izagirre, Pedro Olea, Juanba Berasategi eta Montxo Armendariz, Ezeizaz beraz gain, noski. Dokumental horien helburua euskal zinema berria sortzea da, euskaraz egina eta Euskal Herriko errealitatea islatuko zuena.

Dokumental sail horrekin batera 1989ko Ke arteko egunak lana da Antton Ezeizaren zinema lan esanguratsuena: Koldo Izagirreren gidoian oinarritua, filmak 20 urteren ondoren Euskal Herrira itzuli den Pedro Sansinenearen istorioa kontatzen du. Gatazka gordinean girotutako pelikula horrekin iritsi zen Ezeiza bere ibilbidearen gailurrera.

1995eko Felicidades Tovarich da zuzendariaren azken lana.

Antton Ezeiza ARGIAn:

- Antton Ezeizari elkarrizketa, 1977koa, Yon de Luisak egindakoa.

- Ramon Saizarbitoriak eta Koldo Izagirrek 1978an Zeruko Argian egindako elkarrizketa.

- "Antton Ezeiza: zinema projektu nazional batean" (1983an Jexux Ijurkok egindako elkarrizketa).

- "Filme bat hizkuntza batetan edo bestean egiteak dramaturgia osoa aldatzen du" (1987an Josu Landak egindako elkarrizketa).

- Josu Martinezen artikulua Antton Ezeizaz, pasa den urrian argitaratua.


Azkenak
BOLLOTOPAKETAK
Bollera subjektua erdigunean jartzera datorren hitzordua

Apirilaren 26, 27 eta 28 hauetan iraganen da Euskal Herriko bolleren topaketa, Leitza herrian. Izenak argiki dioen gisara bollerei irekitako jardunaldiak dira, baina, oro har, sexu/genero disidente oro da gomitaturik. Egitarau aberatsa eta askotarikoa ondurik, taldean... [+]


Gorputz hotsak
"Pianoa da konpainia izatea bezala, ez zara inoiz bakarrik sentitzen"

Musika klasikoa, regetoia eta rocka gustuko ditu Jakes Txapartegi pianistak (Hondarribia, Gipuzkoa, 2009). Itsua da, musika klasikoa jotzen du eta poliki-poliki jazza eta inprobisazioa ikastea gustatuko litzaioke. Etxean zuen teklatuarekin Pirritx eta Porrotxen “Maite... [+]


2024-04-28 | Axier Lopez
Dronea, munduko botere harreman desorekatuen ikur eta eragile

Giza asmakizun oro lez, onena eta txarrena egiteko gai dira. Baina, tamalez, dronea, beste ezeren gainetik, Mendebaldeko potentzia kapitalistek munduaren gehiengoa menpean jartzen jarraitzeko tresna nagusietakoa da. Zirrikitu teknologikoetatik haratago, funtsezko pieza da bizi... [+]


Iñaki Soto. Erredakzioko kazetaritza ardatz
"Gure Herriaren etorkizuna eta hizkuntzarena batera joango dira"

25 urte beteko ditu aurten Gara egunkariak. Ez da erraz izan. Teknologiak ekarritako iraultzari neurria hartuagatik ere, Espainiako auzitegietako epaileek erabakitako oztopo arbitrarioek egunean eguneko jarduna baldintzatu dute. Mirari hutsa, Iñaki Soto zuzendariaren... [+]


Migrazio eta Asilo ituna: Europaren legatu kolonialista denon begien bistan

Europar Batasunean berriki onartu den Migrazio Itunak, asko zaildu dizkie gauzak euren herrialdetik ihesi doazen eta asiloa eskatzen duten pertsonei. Eskuin muturraren tesiak ogi tartean irentsita, migratzaileentzako kontrol neurri zorrotzagoak onartu dituzte Estrasburgon,... [+]


Eguneraketa berriak daude