argia.eus
INPRIMATU
Euskal Udalekuetako hezitzaileek berretsi dute ez dutela “eraso salaketarik” jaso, eta “difamazioa” gaitzetsi dute
  • Euskal Udalekuetako hezitzaileek agerraldi jendetsua egin dute ostiralean. Azaldu dute edozein eraso “erabat” gaitzesten dutela eta prest agertu dira, beren artean erasotzailerik balego, “neurriak hartzeko”. 

Maria Ortega Zubiate 2025eko urriaren 03a
Euskal Udalekuetako agerraldia, ostiralean, Bergaran Manex Moreno Uharte/ARGIA CC-BY-SA

Euskal Udalekuak jende guztiaren ahotan dauden honetan, bertako hezitzaileek agerraldia egin dute ostiralean, Bergaran. Asteotako jazarpena eta difamazioa salatu dituzte, “lintxamendu pertsonaletara” ere iritsi direnak, eta argitu dute jasotako salaketa eta kexa guztiak dutxen ingurukoak izan direla; alegia, ez dela eraso salaketarik izan momentuz. Dena den, argi utzi dute edozein eraso “erabat” gaitzesten dutela, eta beren artean erasotzailerik balego, jakinaren gainean egon nahiko luketela, “neurriak hartzeko eta beste ezeren gainetik, erasoa jasan duen pertsonaren aldean kokatzeko”.

Ehundik gora lagunen babespean eman dute prentsaurrekoa, agerraldi oso soilean. Gaiari dagokion seriotasuna eman nahi izan diote hezitzaileek, eta hain zuzen ere, ildo horretatik, erasoei egiten dieten lanketa azaldu dute: “Protokoloak dauzkagu, lanketa feminista egiten dugu hezitzaileok, eta haur eta gazteekin ere lantzen dugu gaia”. Era berean, beren ereduaren “etengabeko lanketan eta barne hausnarketan” jarraituko dutela azaldu du, “elkarbizitzako espazioek deserosotasunak sortzen dituztela” jakitun, egoera horiek “ahalik eta ondoen zaintzen” saiatzen direla ziurtatu dute.

Gaiak zenbait komunikabidetan eztanda egin eta astebete pasatxora hartu dute bigarren aldiz hitza Euskal Udalekuetako hezitzaileek. Lehenengoan, irailaren 26an, komunikabideetara helarazitako ohar bidez, gaitzetsi egin zuten udalekuak “mezu transfoboak zabaltzeko” erabili izana. Orduko hartan ere dutxa mistoen gaia zegoen erdigunean, eta eredu hori defendatu zuten hezitzaileek, beren egitekoa “haur eta gazte guztientzako leku seguruak bermatzea” dela azpimarratuta, “aldez aurretiko genero-identifikazio beharrik gabe” eta, argitu zuten inor ez dutela “behartu” dutxatzera: “Haien zalantzak eta kezkak entzuteko eta sakon lantzeko denbora hartzen dugu”.

Orduko mezu hartan, ostiralekoa baino nabarmen luzeagoa, leporatutako beste zenbait konturi ere erantzun zieten haiek gezurtatzeko, eta gaia haizatu zuten hedabideen “sentsazionalismoa eta morboa” kritikatu zituzten. Bigarren honetan, ordea, tonua bestelakoa izan da. Aipatu bezala, prentsaurreko soila izan da, galderarik onartu ez duena, eta gaiak hartu duen dimentsioaren zantzuak ematen zituena.

Hezitzaileen prentsaurrekoaren egun berean, ordu batzuk lehenago, heldu da EHGAMek, Euskal Herriko Gazte Feministak eta Euskal Herriko Bilgune Feministak bidalitako oharra, Euskal Herriko beste zenbait eragilek ere sinatu dutena. Bertan, babesa adierazi diete begiraleei, eta jasaten ari diren “lintxamendu kanpaina” gaitzetsi: “Lintxamendu kanpaina oso bat abiarazi dute, matxismoa, transfobia, sentsazionalismoa, faxismoa eta arrazakeria inpunitate osoz zabalduz, han eta hemen”. Dutxen mistotasuna “aitzakia” dela adierazi dute sinatzaileek, “mundu ikuskera transfobo eta erreakzionarioa zabaltzeko” aitzakia, eta “sexu-genero disidentzia haurren aurkako erasoekin lotu izana” salatu dute.

Hain zuzen ere, Bergarako prentsaurrekoa hezitzaileek jaso dituzten babes mezuei eskerrak emanez amaitu dute. Beraiei babesa eman dieten haurrei, gazteei, komunitateei, eragileei eta besteri eskerrak luzatu dizkiete: “Proiektua bizirik mantentzeko indarra eta oinarria ematen dizkiguzue”.

Ikusi agerraldia osorik ondorengo bideoan: