Durangoko Azokako kartelak sortutako zalapartaren erdian, euskal txapela protagonista duen albiste bitxia jaso dugu Alemania aldetik. Baskenmütze deitzen diote han euskal txapelari. Emakume askok janzten dute, burua bero mantentzeko batetik, eta dotore egoteko bestetik. Osagarri estetiko –eta praktiko– bat besterik ez zen han. "Zen" diogu, konnotazio erlijiosoa ere baduelako orain. Iragan apirileko kontuak dira, Alemaniako webguneetan (Sued Deutsche, Epoch Times) irakurri dezakegun moduan: "Turkiar jatorriko 36 urteko andereño eta pedagogo batek, salaketa jarri du Renania estatuko hezkuntza agintarien kontra, klasean euskal txapela eramatea galarazi diotelako".
2006az geroztik, ikastetxe publikoetan ikur erlijiosorik ezin da soinean eraman. Andereñoak hiyab edo buruzapia zeraman ordurarte, eta legeari iskin egiteko erabaki zuen baskenmütze bat erabiltzea. Debekatu egin zioten, eta epaitegira jo zuen. Alferrik, epaileek hezkuntza agintarien debekua babestu zutelako: "Txapelarekin, emakumeak argi uzten du islamaren aginduak jarraitzen dituela, bere erlijioak janzkerari buruz dioena errespetatzera behartuta dagoela. Ikasle eta gurasoek badakite txapela buruko zapiaren ordezkoa dela, eta bakea arriskuan jartzen du eskolan". Euskal txapela bakearen arerio... Durangoko Azokako kartelaren aurka egiteko beste arrazoi bat.
[Turkiar jatorriko andereñoaren kasuaren berri TVEren Ich bin "ein" Berliner blogean eman digu Miguel Angel Garcia kazetariak. Arzalluz bi bider aipatu du izenburu kuriosoa duen artikuluan].