Euskal teatroaren zurrunbiloan sartuko da Gasteiz astebetez

  • Zurrunbilo teatro jaialdia antolatu dute Parasite kolektiboak eta Baratza aretoak Gasteizen. Astelehen honetatik igandera bitartean, %100 euskalduna izango den antzerki jaialdia prestatu dute.


2016ko ekainaren 13an - 17:45

Asteazkena, ostirala, larunbata eta igandea izango dira publiko orokorrarentzat egun aproposenak. Hilaren 15ean sortze prozesuan dauden bost antzezlan ikusteko aukera izango da Oihaneder Euskararen Etxean 20:00etatik 22:00etara.

Ostiralean hasiko dira dagoeneko zirkulazioan dauden obrak festibaletik pasatzen. Hilaren 17an, Zer duzu Amy? eta Zerura eroria eskainiko dituzte Baratza aretoan. Lehenbizikoak Amy Winehouseren fan bat du protagonista: bere musikari gogokoena hil dela jakiten duenean, Londresera abiatuko da haren hilobiaren bila. Zerura eroria berriz, Anodino teatroaren estreinako lana da eta Mikel Fernandinoren testu bat du oinarri.

Mr. Señora eta Bihotz salataria larunbatean

Oier Guillanek berriki aurkeztu duen Mr. Señora liburuan oinarrituta, Metrokoadroka taldeak izen bereko antzezlana taularatuko du larunbatean. Poesia antzeztu gisa aurkeztu dute lana eta 20:00etatik aurrera ikusi ahal izango da Baratza aretoan.

Ondoren, Atx teatroaren Bihotz salatariak hartuko du protagonistmoa: Edgar Allan Poeren ipuin baten egokitzapena da. Taldeko kideek ez dute baliatu Literatura Unibertsala bildumarako Koro Navarro Etxeberriak egindako itzulpena; Euskara Batua albo batera utzita, testua Mendebaldeko euskarara itzuli dute.

Igandean Tripak kolektiboak aurkeztuko duen Aitaren larrua obrarekin eta Joseba Irazokiren kontzertu batekin amaituko da jaialdia.

Ikusleentzat bakarrik ez

Publikoarentzat prestatutako saioekin batera, Zurrunbilo jaialdiak formaziorako gune ere izan nahi du. Helburu horrekin, aste osoan Ander Lipusek “Aktorearen dantza mekanikoa eta poetikoa” tailerra zuzenduko du.

Antolatzaileen arabera, gorputz eta ahots ariketak egingo dira ikastaroan, aktoreentzat baliagarriak izango diren tekniketan sakontzeko.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Antzerkia
2024-02-28 | dantzan.eus
Lau pastoral plazaratuko dira 2024 urte honetan

Aurtengo urtea emankorra izango da pastoralei dagokionez, lau pastoral emango baitira; bi Zuberoan eta beste bi Zuberoatik kanpo: Iruñean (Nafarroa) eta Xarneguko (Lapurdi-Nafarroa Beherea) zonaldean. Gure herriko lau historia ezagutaraziko dira oholtzan antzerki,... [+]


Xabin Fernandez eta Intza Alkain. 'Kanpora sartzen' antzezlana
"Zuen bizitzan lehen aldiz, herrian ikusiko duzue GIBa"

2013an, medikuaren telefono deia jaso zuen Xabin Fernandezek (Legorreta, Gipuzkoa, 1985). Diagnostiko garbia eman zioten: GIBa. “Seropositiboa zara”. Bizitzak 360 graduko buelta eman zion orduan. Mamuak agertu zitzaizkion: beldurra, amorrua eta lotsa, besteak beste... [+]


Eguneraketa berriak daude