argia.eus
INPRIMATU
Euskal Selekzioak jokatuko du munduko Wallball txapelketan
  • Wallball txapelketa abuztuaren 27tik 30era jokatuko dute. Euskal Herritik aparte Argentina, Belgika, Erresuma Batua, Valentzia, Herbehereak eta Puerto Rico herrialdeek hartuko dute parte.

Jon Fernández González 2025eko abuztuaren 26a
WallBall txapelketa jokatuko duen Euskal Selekzioa. Euskadiko Euskal Pilota Federakuntza

Euskal pilota selekzioak Leeuwardenen (Herbehereak) hartuko du parte Munduko Wallball txapelketan. Astelehenean hala iragarri dute Abadiñon egindako prentsaurrekoan. Wallball modalitatean egingo den lehenengo txapelketa bateratua izango da, eta Nazioarteko Konfederazioak antolatu du.

Wallball-ean horma bakarra dago, txaparik gabekoa, eta banaka nahiz bikoteka joka daiteke. Partidak 21 tantora bi joko irabazi arte jokatzen dira, berdinketa egotekotan, 11 tantora hirugarren jokoa egingo lukete. Lehiaketa gizonezkoen, emakumezkoen eta bikote mistoen kategorietan jokatuko da.

Gizonezkoen selekzioa honakoa da: Lur Ziarrusta Intxaurtza (Txumulutxueta klubekoa), Mikel Aurrekoetxea Amuriza (Lemoako klubekoa), Egoitz Amantegi Zubillaga (Tonobolo klubekoa) eta Mikel Beldarrain Emaldi (Txumulutxueta klubekoa). Emakumezkoen selekzioan hurrengo jokalariak egongo dira: Olatz Arrizabalaga Munduate (Lea Ibarra klubekoa), Miren Larrarte Mayoz (Behar Zana klubekoa) eta Laia Salsamendi Silva (Uharte klubekoa). Talde teknikoan, Patricia Espinar Labian emakumezkoen hautatzailea izan da, eta Ekhi Ziarrusta Intxaurtza gizonezkoena.

Euskal Herriko Pilota Federazioak zorte ona opa die kirolariei, eta txapelketa euskal pilotaren nazioarteko proiekzioa indartzeko eta jokoaren balioak munduan zabaltzeko aukera dela adierazi dute.