argia.eus
INPRIMATU
Euskal selekzioa Nazioen Ligan: gertaera “historikoa”, zazpi herrialdeetako pilotariak bildu zain
  • Abian da zesta-puntako Nazioen Liga. Ekainaren 6ra bitartean, hainbat selekzio arituko da lehian Gernika-Lumoko Jai Alai pilotalekuan, euskal selekzioa tartean. “Historikoa” da hori, txapelketaren antolatzaileek adierazi duten moduan, euskal selekzioak aurrenekoz jokatuko duelako Nazioarteko Euskal Pilota Federazioak antolatutako txapelketa batean.

Jon Torner Zabala @jtorner 2025eko ekainaren 02a
Euskal selekzioko hautatzaile Ander Bilbao, deitu dituen zortzi pilotariekin. Nazioen Liga

Zentzu horretan poza agertu dute Euskal Herriko Pilota Konfederazioak eta Euskal Herriko Euskal Pilota Selekzioari Bai plataformak, eta esker ona adierazi diote Nazioarteko Pilota Federazioari, Xabier Cazaubon presidenteari bereziki. “Bere jarrera irekiarekin aukera eman du duela 35 urte Kuban hasitako aldarrikapenaren zati bat onartua izan dadin”, azaldu dute igandean Gernikan egindako agerraldian. Dena den, ohartarazi dute Nafarroako eta Ipar Euskal Herriko pilotariek ezin dutela gaur gaurkoz euskal selekzioarekin parte hartu. “Espero dugu Euskal Herria osatzen duten zazpi herrialdeak batuko dituen benetako selekzioa ofiziala izatea laster. Hori baita herri hau osatzen dugun euskal herritar gehienen nahia eta ametsa”, diote. Eta gaineratu: “Gaur hemen aldarrikatzen ari garena ez da inolako inposaketa, gure anai-arreben borondatea onartzea baizik. Argi dugulako zatiketa ez dela soluzioa, eskubide zanpaketa baizik”.

Gogora dezagun Euskadiko Euskal Pilota Federazioa eskubide osoko kide izatea iazko abenduaren 28an onartu zuela Nazioarteko Pilota Federazioak. Erreportaje honetan landu genituen erabakiaren ingurukoak: Ofizialtasuna lortzeko bidean, zirrikitua zabalik?.

Euskal selekzioaren debuta, astelehen iluntzean

Igandean jokatu diren arren txapelketako lehenbiziko hiru partidak, inaugurazio ekitaldia gaur, astelehena, egingo da, 20:30ean, eta ostean egingo du debuta euskal selekzioak. 21:15ean Frantziaren aurka jokatuko dute emakumezko pilotariek, eta 22:15ean aurkari beraren kontra gizonezkoek.

Emakumezkoetan, selekzioa osatzen dute Helena Barrenetxea, Elaia Gogenola, Maialen Aldazabal eta Maia Goikoetxeak; gizonezkoetan, bestalde, Aritz Erkiaga, Eñaut Urreisti, Imanol López eta Unai Lekerikabeaskoak. Ander Bilbao da hautatzailea.

Neskek Mexikoren eta Espainiaren aurka ere jokatuko dute sailkapen fasean, eta mutilek Filipinen kontra. Finalerdiak ostegunean jokatuko dira, eta finalak ostiralean.