Euskal presoen “omenaldiak” gaitzesteko legez besteko proposamena aurkeztu zuen PPk Eusko Legebiltzarrean, eta EAJk, Elkarrekin Podemosek eta PSEk bat egin dute alderdi popularrarekin.
EH Bilduk izan ezik, EAEko parlamentuko talde guztiek proposamenaren zuzenketa bat adostu dute, “ETAko kideei, indarkeria erabili edota justifikatu duten” preso ohiei ongi-etorriak egitea errefusatuz. Iritzi dute “omenaldi horiek giza eskubideen kontrakoak” direla eta biktimak “berriro biktima bilakatzea” eragiten dutela.
EH Bilduk, kontrara, esan du euskal presoei “ongi-etorriak” egiten zaizkiela, eta ez omenaldiak, ekitaldiotan ez baitago presoak egindakoa “goresteko” asmorik, ez eta “biktimak mintzekorik”.
PPk piztu du eztabaida
PPk piztu du ongi-etorriei buruzko eztabaida azken asteotan. Bereziki astelehenean Andoainen bi presori egindako ongi-etorriaz geroztik, bertan izan baitziren PPko kide batzuk ongi-etorria gaitzesten, ETAk hildako Joseba Pagazaurtunduaren argazkiak aldean.
Javier De Andrés Espainiako Gobernuko ordezkariak EAEn adierazi du Andoaingo ekitaldiaren inguruko txosten bat Espainiako Fiskaltzari bidaliko diola, ongi-etorrian “terrorismoari gorazarre” egin zitzaion ikertu dezan.
Alabaina, Josu Erkoreka Euko Jaurlaritzako bozeramaileak esan du Ertzaintzak ez duela inongo deliturik ikusi Andoainen egindako ekitaldian.