argia.eus
INPRIMATU
Euskal presoak hurbiltzeko eskatu dio Espainiari Europako Torturaren Prebentziorako Batzordeak
  • Espainiako zazpi kartzelatan egindako bisiten harira txosten bat argitaratu du batzordeak, eta euskal presoak senideengandik gertuago dauden espetxeetara eramateko galdegin dio Espainiari.

Leire Artola Arin 2021eko azaroaren 09a
Espainiari Europako batzordeak esan dio senideengangana hurbiltzeko euskal presoak. / Argazkia: Sare

Irailean Espainiako Estatuko zazpi espetxetan (Brieva, Castello II, Soto del Real, Estremera, Sevilla, Picassent eta Alacant) izan zen Europako Kontseiluaren mendeko Torturako Prebentziorako Batzordearen ordezkaritza bat. Horren harira txosten luze bat kaleratu dute, eta Berria egunkariak zabaldu duenez, euskal presoen gainean hauxe esan diote Espainiari: Euskal Herrira edo handik hurbil dauden espetxeetara eraman behar dituztela presoak, haien senideengandik gertuago. Egun, 202 euskal preso daude, horietatik 72 Euskal Herriko kartzeletan.

Bestalde, dokumentuan Espainiari esan diote “irmoki” gogorarazi behar dietela Poliziari eta Guardia Zibilari atxilotuekiko tratu txarrak legez kanpokoak direla. Txostenaren arabera, bisitetan pertsona gehienek esan diete “tratu zuzena” jaso dutela, baina tratu txarrei lotutako salaketa kopuru “esanguratsua” jaso dutela jakinarazi dute. Besteak beste, azpimarratu dute poliziek debekatuta dutela adin txikikoak inkomunikatzea. Dena dela, batzordeak azaldu du Espainiako agintarien jarrera “bikaina” izan dela.