argia.eus
INPRIMATU
Jon Bienzobas presoaren erakusketa erretiratzeko eskatu du Eusko Jaurlaritzak
ARGIA @argia 2019ko urriaren 08a
Astelehenean ireki dute erakusketa.

EH Bilduk gobernatzen duen Galdakaoko Udalari eskaera zuzena egin dio Eusko Jaurlaritzako eledun Josu Erkorekak: Bienzobas presoaren erakusketa bertan behera uzteko.

Galdakaoko Torrezabalen dagoen "Ziegako leihotik" erakusketak preso ohi honen marrazki eta eskulturak biltzen ditu. Bienzobas espetxean sartu zutela 20 urte bete direla baliatuta, Free Them All dinamikak preso ohi honek kartzelan egindako 20 artelanen erakusketa antolatu. "Egun dispertsio politikaren eraginpean jarraitzen duten presoen egoera salatzea” da helburua, Geurian hedabidean irakur daitekeenez. Urriaren 7an inauguratu zuten eta urriaren 19ra arte egongo da ikusgai. Espetxe garai guztietako lanak daude ikusgai, margoak eta eskulturak.

Erkorekak esan du espazio publikoan halako erakusketa jartzea ez dela legez kanpokoa, baina hau bertan behera uztea "behar etiko eta humanoa dela, biktimen eskaerekin bat doan sentiberatasunarekin lotua".

Astelehenean PPko kideek eraikinaren aurrean protesta egin zuten. Hainbat panel jarri zuten eta erakusketa hau "biktimentzat umiliagarria eta terrorismoaren gorespena" dela esan zuten.

Jon Bienzobas ETAko kide izatea eta hiru pertsona hiltzea egotzita zigortu zuten, tartean Espainiako Konstituzio Auzitegiko presidente Francisco Tomás y Valiente. Bienzobas zigortzeko erabili zituzten inkulpazioak torturapean egindakoak zirela salatu zuen Miguel Ángel Azurmendik Auzitegi Nazionaleko epaiketan. 19 urte egin zituen espetxean.