argia.eus
INPRIMATU
'Tax Lease' auzia
Euskal ontziolei emandako diru-laguntzak legezkotzat jo ditu Luxenburgoko auzitegiak
  • Auzitegiak atzera bota du Bruselak Espainiako ontziolentzako hobari fiskalez hartutako erabakia eta inbertitzaileek ez dute dirurik itzuli beharko.

Urko Apaolaza Avila @urkoapaolaza 2015eko abenduaren 17a
Balenciaga ontziolan eskoziar armadore batentzako ontzia (Argazkia: Balenciaga) Balenciaga ontziolan eskoziar armadore batentzako ontzia (Argazkia: Balenciaga)

2007 eta 2011 artean Espainiako ontzioletan inbertsioak sustatzeko hobari fiskal edo “tax lease” delakoaren auzia azken portura iritsi da. Luxenburgon dagoen Europar Batasuneko Auzitegiak ebatzi du neurri hori legezkoa izan zela, eta ondorioz, inbertitzaileek ez dute urte horietan aurreztutako dirua itzuli behar izango.

Europako Batzordeak 2013n hartu zuen erabakia, hobari fiskalek beste enpresa lehiakideen eskubideak urratzen zituela iritzita. Dirua inbertitzaileek itzuli behar zutela deliberatu zuen EBk, ez ordea armadoreek edota ontziolek berek. Ia 3.000 milioi euro lirateke, eta euskal ontziolei bete-betean eragingo lieke dirua itzuli beharrak, haietan inbertitu zuten enpresak izan baitziren onuradun nagusietako batzuk.

Espainiako Gobernuak eta zenbait ontziola elkartek helegitea jarri zuten Europako goi mailako auzitegian eta orain honek legezkotzat jo ditu laguntzak, Bruselak ez zuelako behar bezala arrazoitu bere erabakia.