argia.eus
INPRIMATU
Euskal Konfederazioak azalpenak eskatu dizkio Behotegiri, EEPren aurrekontuaren inguruko negoziazioengatik
  • Dozenaka lagunek agerraldia egin dute astelehen arratsaldean Baionan, Pirinio Atlantikoetako Departamenduaren egoitzaren aurrean. Frantziak EEPn 100.000 euro gehiago inbertituko dituela iragarrita, euskararen etorkizuna bermatzeko hizkuntza politikak "ausardia eta baliabideak" behar dituela salatu dute.

Eneko Imaz Galparsoro 2025eko uztailaren 08a
Euskal Konfederazio kideak, EEPren aurrekontu berria salatzeko agerraldian, Baionan. Euskal Konfederazioa

Euskarari trufarik ez lelopean, Euskal Konfederazioak deituta Baionan bildutako dozenaka euskaltzalek Maider Behotegi EEP Euskararen Erakunde Publikoko lehendakaria seinalatu dute. Erakunde horren aurrekontuaren inguruko negoziazioek sortu duten harrabotsaren harira jarri dute jomugan, eta negoziazio horietan Pirinio Atlantikoetako Departamendua "jukutrian" aritu bada, kargua utzi dezala eskatu diote Behotegiri. Gainera, aldarrikatu dute hizkuntza politikak "ausardia eta baliabideak" behar dituela euskarari etorkizuna bermatzeko.

2022az geroztik berritu gabe egon ostean, EEP Euskararen Erakunde Publikoak Frantziako Estatuaren partetik jasoko zituela iragarri zuen duela bi aste. Erabaki horri erantzun gisa, Jean Rene Etxegarai Euskal Hirigune Elkargoko lehendakariak eta Antton Kurutxarri hizkuntza politikarako lehendakariordeak ohartarazi zuten "egungo baldintzetan" ez dutela sinatuko EEP berritzeko hitzarmena. Hain justu, 2023ko uztaileko bileran beharrak zehazteko dokumentu bat prestatu zuten, eta ondorioztatu aurrekontuari 2,6 milioi euroren ekarpen osagarria egin beharko litzaiokeela –partaide bakoitzak 650.000 euro gehiago jarri beharko lituzkeela–. Adostasunik ez zenez, kopurua 300.000 eurora apaldu zuten iazko abenduan. Parisek hitzemandako 100.000 euro horietatik urruti, beraz.

"2017tik izoztua egon ondoren, %10 baizik ez da igoko, hots, 2017tik izan den inflazioaren azpitik! Fitsik ez! Deus ez! Trufa hutsa!", salatu du agerraldian Peio Jorajuria Euskal Konfederazioko zuzendaritzako kideak. Euskal Hirigune Elkargoak epemuga jarri die EEP osatzen duten kideei Frantziako ordezkariekin elkarrizketekin eta negoziazioekin jarraitzeko: sei hilabete. Behotegik, ordea, uztailaren hasieran Aitor Aldasoro Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordearekin egindako agerraldian, ez zuen irudikatu erakunde publikoaren amaiera: "Nora joango lirateke gaur egun hizkuntza politikarako jartzen diren lau milioi euroak?".