argia.eus
INPRIMATU
Euskal Konfederazioa: “Ikas-Biren asmoa kolpe mediatikoa egitea da”
  • Ikas-Bi eskola publiko elebiduneko guraso elkarteak martxoaren 26an egindako kritikei erantzun die Euskal Konfederazioak (AEK, Seaska, Euskal Irratiak eta Ikas). Ikas-Bik zalantzak agertu zituen Euskararen Erakunde Publikoak (EEP) Konfederazioari ematen dizkien diru-laguntzen inguruan. Euskal Konfederazioak dio “kolpe mediatikoa” bilatzeko egin dutela.

ARGIA @argia 2013ko apirilaren 10
Euskal Konfederazioko ordezkariak.

Ikas-Biren 30. urteurrena baliatuz egin zituen adierazpenak elkarte horrek. Kazeta.info webguneak jaso zuenez, besteak beste gomendatu zuen EEPk ematen dituen diru-laguntzak mugatzea, elkarte bakoitzari gehienez 150.000 euro emateko.

Hain zuzen ere, AEK, Seaska, Euskal Irratiak eta Ikas dira kopuru hori baino gehiago jasotzen duten elkarteak, EEPk lehen mailako eragile gisa hartzen dituelako.

Horrez gain, irakaskuntzako diru-laguntzak zentroen eta ikasle kopuruen arabera banatzea eskatu zuten. 118 ikastetxe publiko elebidun daude, 45 pribatu katoliko elebidun eta 26 ikastola.

Konfederazioaren erantzuna

Kazeta.info-k eman du Euskal Konfederazioaren erantzunaren berri. Murgiltze ereduak bere frogak egin dituela eta emaitzak agerian daudela adierazi dute; eta aldiz, ez dutela elementurik irakaskuntza elebidunetik ateratzen diren ikasleen hizkuntza gaitasunari dagokionez.

Beraz, sistema elebidunean ikasi dutenek EGA azterketa pasa dezatela proposatu du Konfederazioak.

Diru-laguntzen aferari buruz, Euskal Konfederazioak adierazi du beraiek “zerbitzu publikoko misioa” betetzen dutela.

Gainera, Konfederazioaren ustez jasotzen dituzten diru-laguntzak ez dira nahikoa. “Kontua beraz ez da jakitea eragile batzuei sobera diru ematen zaien ala ez, baizik eta ohartaraztea Iparraldean euskararen etorkizuna bermatzeko beharko liratekeen medioak ez direla emanak”.