Nik, Asier Guridi Zaloña, Venezuelako Errepublika Bolibartarrean euskal iheslari politikoa, gaur asteartea, azaroak 15, Caracaseko Saimeren egoitza nagusiaren aurrean, nire nortasun agiria eskatzeko asmoz mobilizazio eta borroka dinamika hasi dudala jakinarazten dut. Izan ere, nortasun agiriak ematen dituen Saime erakundea (Identifikazio, Migrazio eta Atzerritartasun Administrazio Zerbitzua) Conare-k (Errefuxiatuen Batzorde Nazionala) harturiko estatu-erabakia desobeditzen eta bete gabe uzten ari da.
"Nire nortasun agiria eskatzeko asmoz mobilizazio eta borroka dinamika hasi dudala jakinarazten dut"
2021eko abenduaren 7an, arrazoi jakinengatik errefuxiatu izaera aitortzen zidan Conareren dokumentua eman zidatenean, amaitutzat eman nuen Caracaseko Espainiako Kontsulatu Orokorraren aurrean egiten ari nintzen gose greba. Aipatu dokumentuan, Venezuelako errefuxiatu eta asilodunen lege organikoaren araudiko 13. artikuluak dioenari jarraiki, Saime instituziora joan eta "oinezko" gisa nortasun-agiria egitea agintzen zitzaidan. Baina Saimek erantzun gabe utzi ditu nortasun agiria eskatuz behin eta berriz aurkeztu dizkiodan eskakizunak; era berean, aurkezturiko idatzizko eskakizunen kopiak egiaztagiri gisa sinatu eta zigilatzeari uko egin dio, bere isiltasun administratiboa babesteko. Saimek ez ditu eskariak erantzuten; jaramonik egin gabe eta dokumentu gabe uzten ditu Venezuelan errefuxiatu izaera aitortua duten pertsonak. Hori ez da beti horrela izan; adibidez, Dante Rivas Saimeko zuzendari zelarik, Conareko ordezkari batek laguntzen zuen errefuxiatua Saimeko egoitzara, eta errefuxiatua nortasun agiri batekin ateratzen zen. Ez da Asier Guridi Zaloña euskal iheslari politikoaren aurkako neurri bat; azken garaietan errefuxiatu izaera aitortu zaien pertsonei ere eragiten die Saimeren azkenaldiko jarrerak edo erabakiak.
Protestaldi baketsu honek izango duen lehen fasea elkarretaratze iraunkorrarena izango da. Helburua, informazioa zabaltzea eta elkartasuna bilatzearekin batera, Saimeko zuzendaritzak errefuxiatu izaera aitortu zaien pertsonei nortasun agiriak ematea da, Conarek agindu bezala. Ondoren, nortasun agiria lortu arteko borrokaldiaren bigarren fase bat hasiko litzateke. Hastera noan protesta hau errefuxiatu izaera aitortua didan Venezuelako Estatuaren kontra ez doala argi azpimarratu nahi dut; aitzitik, Conareren agindua etengabe desobedituz errefuxiatuei nortasun agiria emateari muzin egiten dion Saime instituzioaren kontrako protestaldi zuzena da.
Besteak beste, 14 urteko semea dut, Saimeren erabakien ondorioak jasaten ari dena. Urte luzez dokumentu gabe egoteak, semearen paperak zuzentzeko eta ordenatzeko ezina dakar.