"Euskal instituzioak kontsulta bidez etorri behar du"

  • Elkarrizketa: Mikel Asurmendi / Argazkia: Dani Blanco

    Larzabale, 1975. Euskal filologia ikasia. Hazparneko Elhuyar kolegioan irakaslea da. Gazteriak mugimenduan hasi zen politikan, Haika-n jarraitzeko. Batasuneko kidea da, berau sortu zenetik. EH Baiko hautagaia izan da Frantziako Legebiltzarrerako azken bozetan.


2012ko uztailaren 21an - 00:00
Azken eguneraketa: 2014-03-25 09:12:03
"PSk badu nahikaririk Elkargoaren eskakizuna sustatu eta eratzeko?".

UMPko Alliot-Marie (MAM) eta Jean Greneten aroa fini da. PSko Sylvianne Alaux eta Collette Capdevielle dira diputatu berriak. Bi diputaturen aldaketa izan da Ipar Euskal Herrian. Gizartean ere aldaketa hori badago?

Hauteskundeetan aldaketa nabarmena izan da, eskuineko diputatu eta figura politiko bi horiek baztertuak izan baitira. Soziologiari dagokionez, aldaketa ematen ari da, emeki-emeki bada ere. Kostaldean bereziki eman da aldaketa hori, testuinguruak lagundurik. Botoen joeran zenbait osagaik eragin dute, hala nola: krisi ekonomikoa Iparraldean ere sakona izatea. Estatuan izan diren aldaketak hemen ere eragin du, hots, ezkerra boterera iragatea. Halaber, abertzaleen erantzukizuna agerikoa da, Iparraldeko gaiek tokia ukan dute kanpainan, eta horrek diputatuen eta alderdien asmoetan eragin dute. Horiek horrela, MAM eta Grenet urte luzaz diputatu izan dira, tokiko gaien kontrakoak. Beraz, arrakasta handiena horiek kanpoan geratzea izan da, pertsona hauek oztopoak jarri baitizkiote herri honen ezagupenari. Kontestu horretan, bi diputatu sozialistak horien lekua hartu dute. Jendeak eredu sozioekonomiko hobea espero du, baita Euskal Herriaren ezagupena ere.

Fronte Nazionalak (FN) %8 inguru egin ditu Iparraldean. Zer deritzozu?

Kezkagarria. Batzuetan boto hori kontestatarioa dela erraten da, baina ni ez naiz hain ziur. Barnealdean, boz kanpainan, jendeak “ni ez naiz atzerritarren kontra” erran du, edo “ni ez naiz FNkoa”. Alta, jendeak dituen arrangurek oihartzun dute FNk lantzen dituen gaietan: arrazismoan, segurtasunik ezan... Gai horiek, Urepelen adibidez, ez dute zentzurik, beraz, irudiz, telebistak eragiten du jendearen hautuan. Kezkatzekoa da zinez, ez baita boto kontestatarioa, errotzen ari den botoa baizik.

Beste gertaera bitxi bat ere izan da: abertzaleek sozialistak sostengatu dituzte kostaldean, barnealdean ez.

Kostaldean abertzale gehiagok bozkatu duelako, eta, agian, aipatu bi figura horiek, antieuskaldunak, hobeto identifikatu dituztelako. Abertzaleak baztertzeko aukera zutela ohartu dira, eta sozialisten alde bozkatu dute. Barnealdean ez zen Jean Lassalle zentrista kanpo emateko halako nahikaririk. Aldiz, Frantxua Maitiaren ibilbideak ezintasuna sorrarazi du abertzaleen baitan, hari bozkatzeko unean. Ezin-eramanak daude aspalditik. Bere jarrerak ere badu zerikusia. Oro har, abertzaleek alderdi sozialistarekiko duten mesfidantza historikoa da, hainbat osagai daude abertzaleek sozialistei boza ematea joera naturala ez izateko.

Frantxua Maitiaren erreakzioak nola baloratu dituzue? EH Bai eta FN parekatu izana, konparazione.

Irudi du ez dela adimenduz mintzo, baina porrotaren eraginez. Suminduta mintzatu da, eta harrigarria da, ez baita politikan hasi berria. Bere adierazpenek, larriak, hesiak ezarri dituzte berriz ere, ez dute laguntzen abertzaleok sozialistekin dugun konfiantza eskasa sustatzeko. Gainera, eman dituen azalpenak okerrak dira. Abertzale gehienek Lassalle bozkatu dutela dio eta ez da egia. Abertzaleen herenak ez du bozik eman: etxean geratu da edo zuri bozkatu du, eta bozkatu dutenen artean gehienek Maitiaren hautua egin dute. Eskas izan dituen 1.000 boz abertzaleenak zirela ohartu da Maitia. Baina hortik gu FNrekin parekatzera, eskuineko abertzaleak garela erratera... Funtsean, lekuz kanpo aritu da, haren aldeko botoa eskatu ez dugulako, eta jendea konturatu da horretaz.

Alta, abertzaleen eskaeren inguruan lanean ari da Maitia.

Bai eta ez. Maitia ez da garbi mintzatu Garapen Kontseiluko eztabaidan. Lurralde Elkargoaren gaian ere ez dauka posizio argirik. Maitiak ez luke hobendunik bilatu behar. Batzuetan ELB da hobenduna, bestetan EH Bai. Autokritika egin behar du eta momentuz ez du egin.

Lurralde Elkargoa bideratuko al du Hollanderen Gobernu berriak?

Oraindik indefinizio handia dago Estatuaren aldetik. Duela urte bat bozkatu zen lurralde erreforma, non hainbat aldaketa planteatzen zen. Sarkozyren garaian, sozialistek erran zuten erreforma hari aldaketa zenbait ekarriko ziotela, gobernura pasatzen baziren. Hala da orain. Erreforma hori bozkatua izan zen, sozialistek ez zutela indarrean jarriko baietsi zuten, eta anartean, orain arteko sistema ezabatua izan da. Alabaina, ez dakigu 2014an kontseilari nagusiak bozkatuko ditugun, ezeztatuak izanen diren edo lurralde kontseilariaren figura berria sortuko den. Sarkozyk proposatu zuen figura hori deuseztatuko zutela erran zuten sozialistek. Beraz, badago indefinizio moduko bat. Dena den, deszentralizazioaren 3. plana abian da, eta Ipar Euskal Herrirako aldaketa etorri behar bada, horren baitan etorriko da. Orain galderak hauek dira: PSk badu nahikaririk hemen nagusitzen ari den Elkargoaren eskakizuna sustatzeko? Badauka borondaterik eskaera berezi hori erreformaren baitan eratzeko?

Mintzatu zarete horretaz PSrekin?

Bozetako bi itzulien artean EH Baik PSri hau galdetu zion: zuen hautagaiek kanpainan egin dituzten deklarazioak praktikara eramanen dituzue? PSren baitan bi ildo daude, ordea. Maitia, Allaux eta Capdevielle diputatuak, Espagnac senatariak Lurralde Elkargoa antolatzeko prest egon daiteke, baina PSn, beste joera bat dago, oso jakobinoa: Jean Espilondo, Claude Serres, David Abibe Bearnon, Henri Emmanuelli Landesetan. Hauek Elkargoaren kontrakoak dira arras. Galdera hor dago. PSk Parisko erakundeetan, Erregioan eta Departamenduan gehiengoa du. Nahi badute egin, ez dute inoiz horren erraza izan. Borondaterik ote dute? Guk horren inguruan zalantzak izatea logikoa da, horregatik diputatu horien ekintzak baloratzen segitu behar dugu. Datorren larrazkenean badago hitzordu inportante bat...

Larrazkenean Batera plataformaren unea izaten da. Bateraren aldia agortu al da?

Ez. Gauza bat ez da agortu bederen: mobilizazioen beharra. Baterak hori betetzen du. Baterak herri adierazpenenetan eta Hautetsien Kontseiluan aitzina egitea dauka, gainera, batek bestean eragiten du. Iritsi bagara inflexio puntu honetara, instituzioaren aldeko mobilizaziori esker da. Abertzaleek beste sektore batzuk erakarri ditugu gure dinamikara, eta inflexio puntu inportante batera heldu gara. Hautetsiek Lurralde Elkargoaren aldeko apustua egiten badute, karrikan sostengatua izanen da, baita Herriko Etxeetan ere. Mobilizazioaren garaia ez da agortu, inoiz baino gehiago azkartu behar dugu eta aitzina segitu.

Lurralde Elkargoak beteko al du Euskal Departamenduaren eskaera?

Frantziako Estatuaren menpeko lurraldeetan badira jadanik egitura horiek, Korsikako kolektibitatea adibidez.

Korsikakoa izan daiteke eredu?

Izan daiteke, baina abertzaleontzat eredu horrek marra gorri batzuk kontuan hartu behar ditu: bat, Korsikako eredua inspirazio iturri izan daiteke, baina horrek Korsikarako balio du. Hemengorako beste eredu bat behar dugu, eta horrek herritarren borondatearen ondorioz izan behar du, kontsultaren adierazpenetik etorri behar du. Bi, gure egoera espezifikoari erantzun behar dio. Eta hiru, desmartxa urratsez urrats abiatu behar dugu, zerbait ebolutiboa izan behar du, eskumenak eta garapena eskainiko dituena.

Horra iritsita, desmartxak Konstituzioarekin topo eginen du.

Frantziako Konstituzioak ahalbidetzen dituen aukeretan ez gaude maximoetan, erran bezala, korsikar adibidea hor da. Dena den, hori Parisko arazoa da. Parisek badu hainbat gatazka politiko bere lurraldean, beraz, Ipar Euskal Herrian, herritarrek zerbait eskatzen baldin badute Parisi dagokio horri erantzutea. Eta Konstituzioa aldatu behar badu, ba alda dezatela. Euskararen adibidea hor dugu. Haren ofizialtasuna Konstituzioaren kontra doala diote, bada, bigarren artikulu trabagarria aldatu beharko da, eta hori borondate politikoarekin egin daiteke.

2014an herrietako bozak izanen dira. EH Bairen benetako ordua, naski.

Hein handi batean, bai. Horiek dira hauteskunde egokienak guretzat, gure lan iraunkorrari segida emateko. EH Baik hazkunde inportantea ukan du azken urteetan, eta ez bakarrik bozetan, jendarteari eta barneari begira kohesioa irabazten ari da. EH Bai alderdien koalizio izatetik ezkertiar eta abertzaleen tresna izatera iragaten ari da, eta horrek funtsezko garrantzia du herriko bozetan. Ezkerreko abertzale guztien bitartekoa da, areago, boz horietan herri gutiz gehienetan abertzaleak ez dira aurkeztuko EH Bai siglapean, herri txikietan ez baitago horretarako aukerarik. Beraz, argi dago, egiten dugun lan guztiak kohesioa lortzeko balio du, eta 2014an potentzial ikaragarria bildu ahalko dugu herri askotan.

Bake prozesua hizpide: nola ikusten duzue Iparraldetik gatazka politikoa? Nola ikusi duzue Sorturen legalizazioa?

Sorturen legalizazioa begi onez ikusi dugu, bistan da. MAMen kanporatzeak bezain besteko poza sortu du gure artean, gizartean gutxiago, ez baitago ezagutza eta kontzientzia nahikorik. Baina argi da, Aieteko Konferentzian begi-bistan gelditu zen, bake prozesuan ematen diren urratsak Ipar Euskal Herriaren ezagutza erdiesteko hauspoa dira. Aieteko Adierazpenean Espainiako eta Frantziako estatuak interpelatuak dira, gatazka honen eragileak dira, hemen herri bat eta gatazka bat daudela adierazten du. Guk [Batasunak] erakundetze nazionalaren apustua egin genuenean, gatazka modu integralean konpontzeko ekuazioa egin genuen. Nahiz han eta hemen egoerak ezberdinak izan, hainbat parametro berdinak dira. Erritmo ezberdinak dira, baina ipar orratz eta helburu berdinak dira. Adibidez, Hego Euskal Herrian Sorturen bidez aukera guztiak posible izanen dira. Hemen ez da ilegalizaziorik izan, halere, hemen ere eszenatoki politikoa sortu behar dugu, non gure aukera politikoa zilegi izanen den. Horretarako, lehen-lehenik, gure lurralde honek ezagutua izan behar du, gure proiektua lurralde horretan definitzeko. Eta ez, adibidez, hauteskundeetan gertatzen zaigun bezala, niri, hautagai bezala adibidez, gure proiektua aurkeztu behar izatea Biarno eta Euskal Herria eremu berean izanik.

Aieteko Adierazpenean hemengo politikari esanguratsuak izan ziren. Konfiantzarik baduzu haien lanean eta jarreretan?

Urrats handia izan zen hemengo politikariak han ikustea: Brisson, Lasserre, Ezenarro... Beraiek diotenez, ekitaldiak txipa aldarazi zien eta ekitaldiaren ondotiko kudeaketetan, Ipar Euskal Herriko Garapen eta Hautetsien kontseiluetan, egoera berria kausitu dute. Egoera berria aipatzen dute, nahiz eta horientzat egoera berria Espainian izan, haientzat ETAren su-etena Espainiako afera baita. Alabaina, Aieteko ekitaldiak hemen ondorioak ukan dituela onartzen dute eta aldaketa sorrarazi duela hemen ere. Gero, noski, beraien izenean egon zirela diote. Hots, beren asmoak haien alderdien asmoak bilakatzea falta da, ekintza bihurtzea, eta hori momentuz ez dugu lortu. PSk Aieten egin zituzten deklarazio politak azken bozetako kanpainan erabili dituzte, intentzio oneko hitzak, baina zehaztu behar dituenak.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Lurralde Elkargoa
2021-04-13 | ARGIA
14.000 etxe huts eta 51.000 bigarren etxe aurreikusten dituzte bost urte barru Ipar Euskal Herrian

Euskal Hirigune Elkargoko batzar berezia egin dute 232 hautetsiek, bideokonferentziaz. Aurtengo aurrekontua eta Bizilekuen Tokiko Programa onartu dituzte, baina programa errefusatu eta “anbiziozko etxebizitza politika bat” aldarrikatu du hainbatek.


2020-09-28 | Mikel Eizagirre
Euskal Elkargoak hiru euskal preso politikoren egoera salatu du

Esnal, Haranburu eta Paroti ezartzen ari zaien “heriotza zigorraz” kexu da elkargoa frantziar justiziaren erabakiaren aurkako mozio batean.


2019-01-22 | Euskal Irratiak
27 proposamen helarazi dio Baterak Euskal Hirigune Elkargoari, gobernantzaren hobetzeko

Zortzi atal, 27 proposamen. Hona Baterak Euskal Hirigune Elkargoaren gobernantzaren hobetzeko, Jean-René Etchegaray presidenteari eman dion txostena joan den larunbatean. Baterak, joanden irailetik eskualdeka, 16 herri desberdinetan bilkurak antolatu ditu oharren... [+]


2018-02-13 | Euskal Irratiak
Euskal Elkargoaren hizkuntza politika apirilean aurkeztu behar lukete, Arrabiten hitzetan

Hautetsiak eta euskalgitzako eragileek osatu lan batzordeak ari dira norabide hauen lantzen, Beñat Arrabit, Euskal Elkargoko hizkuntz poltikarako arduradunak, Amikuzeko irratiaren estrenan azpimarratu daukun bezala.


2017-09-10 | Mikel Asurmendi
Ergela irakurriko duena

Oporraldiko azken egunen atzerako kontaketa egitea eskatu zidan buruak nonbait, hartara, ARGIAko egutegiari orri berri bat kendu nion agorrileko hamazazpian. Buruketa hau egitea proposatzen zuen: “Euskal Herriko Lurralde osoa hartzen duen administrazioari nola deitzen... [+]


Eguneraketa berriak daude