Maiatzaren 6tik 9ra bitartean egingo da Bartzelonako Ficomic Komikiaren Nazioarteko 28. Erakusketa. Aurtengo edizioan euskal ilustratzaileak gonbidatu dituzte antolatzaileek. Getxoko Komiki eta Manga Azokak egin ditu Eusko Jaurlaritzaren eta Ficomic-en arteko zubi lanak. Kultura Sailak 150 metro koadroko erakusmahaia jarriko du Bartzelonako azokan eta euskal artisten argitalpenak ezagutzera emateaz gain, mahai-inguru eta hitzaldiak jasoko ditu. Euskomik izeneko gunean Euskal Irudigileen Elkarte Profesionalak plazaratutako Irudia katalogoa aurkitu ahal izango da. Hogeita hamar marrazkilariren lanak bildu dituzte liburu horretan.