Euskal Herriko zinema aretorik txikiena irekiko du Bergarako Gaztetxeak

  • "Euskal Herriko zinema aretorik txikienaren" aurrestreinaldia uztailaren 20an egingo du Dynamo zineklubak Eyharts taldearen ikuskizun batekin; Novedades aretoko 18 aulki, oihal originala eta beste zenbait apaindura ditu, zinema areto baten kutsua emateko.


2018ko uztailaren 06an - 10:01
Aretoa (Argazkia: Goiena)

Kartzela zaharreko zortzigarren ziega zena zinema areto bihurtu du azken urteetan gaztetxea bera topaleku izan duen Dynamo zineklubak.

"Euskal Herriko zinema aretorik txikiena" da, 18 eserleku dituena, eta, argazkiak ikusita bergarar askok gogoratuko dutenez, ez dira edozein aulki: 12 urte itxita daroatzan Novedades areto mitikoko eserlekuak dira. "Eraikina bota aurretik, nahi genuena eraman genezakeela esan ziguten eta orduan operatibo guztia jarri genuen martxan. Novedadeskoen eskuzabaltasuna eskertu gura dugu", adierazi du Dynamoko kide Ugutz Basaurik.

Unai Garmendia Markiegi, Aintzane Conde Sagastume eta Ugutz Basauri Ganboa, ziegan, Novedadesko bobinekin. (Argazkia: Goiena)

Basaurik dioenez, lekualdaketarako elektrizitate-sorgailu bat lortu behar izan zuten, Novedadesen ez zegoelako elektrizitaterik, eta, horrez gain, kamioi bat, rotaflexa eta laguntzarako zenbait lagun behar izan zituzten.

18 aulkiak igotzea, lan nekezena

Aulkiak ziegan sartzea izan zen lanik zailena: "Zazpi aulkiko bi ilara osorik sartzea erabaki genuen, xarma mantentzeko. Eskaileretatik ezinezkoa zen sartzea, eta, orduan, diziplina ezberdinetan adituak diren lagunak fitxatu genituen: eskalatzaile bat, suhiltzaile bat, Udaleko brigadako lagun bat... Izan ere, sabaiko habe bat aprobetxatu genuen aulkiak poleekin eta, betiere, modu seguruan igotzeko", dio Basaurik.

Aurrestreinaldia, hilaren 20an

Zinema areto berriaren inauguraziorako, aurrestreinaldi bat egingo dute uztailaren 20an. Zortzigarren ziega Jokin Guridik eta Alain Carazok osatzen duten Eyharts taldeak erabiltzen zuen entseguetarako, eta aurrestreinaldi horretan kontzertua emango dute ziegan bertan.

Aurrestreinaldi horretarako txartela lortu duten hamazortzi lagunak aukeratuta daude dagoeneko: "Zozketa bat antolatu genuen zineklubeko gastuak finantzatzeko eta zozketa horretako irabazleek ziegarako txartela izango dute. Horrez gain, zineklubekoak eta muntatzen lagundu zigutenak egongo dira; ez dago asko betetzeko, egia esan [Barre]".

Pozik dago Basauri, aurrerantzean toki finko bat izango dutelako: "Zinema areto baten usaina eta guzti dauka dagoeneko [palomitak bertan egiteko makina badute dagoeneko]; pelikula klasikoez gaztetxean bertan gozatzeko aukera izatea ederra da. Gainera, ziegaren izaera ere bere horretan mantendu dugu, ondarea da eta".

Hamabi urte Novedades barik

Dynamo zineklubak azken urteetan izan duen ibilbide gorabeheratsua egonkortuko du aretoak, eta, formatu txikian bada ere, herriko zinemazale batzuen gosea asetzeko balioko du "Badira hamabi urte Novedades itxi zenetik; gu beti hara joaten ginen, Harindondin-en litxarreriak erosi ostean. Ordutik hona, Eibarrera edo hiriburuetara joan behar izan dugu. Ez dakit herrian zinema areto beharrik dagoen edo ez, baina beste xarma bat ematen dio. Eta aukera izatea gaztetxean bertan Novedadesen kutsu nabarmena izango duen areto batez gozatzeko... Sekulakoa da", dio Dynamo zineklubeko kide Unai Garmendiak.

Hasiera batean, pelikula finko batzuk programatuko dituzte; gero, interesa agertzen duen jendearen arabera antolatuko dira.

Azken ukituak bakarrik falta dira

Uztailaren 20an egingo duten aurrestreinaldirako azken ukituak falta dira. Sistema elektrikoa hobetzea, zinema areto baten kutsua emango dioten apainketa batzuk –led argiak jarriko dituzte filma hasi aurreko argiztapen berezia irudikatzeko–... eta Novedades-eko oihal originala jarriko dute. "Benetako areto baten itxura hartuko du; hori bai, formatu txikian", diote.

Albiste hau Goienak argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Gaztetxeak
Zestoako gaztetxea husteko agindua eman du epaileak

Eraikinetik ateratzeko agindua eman diete Zestoako Gazte Asanbladako kideei, eta prozesuaren gastuak ordaintzera zigortu dituzte. Gaztetxearen defentsan mobilizatzera deitu dute igandean, otsailak 4, Zestoako plazatik.

 


Bi gazte epaitu dituzte asteazkenean Zestoako gaztetxearen okupazioagatik

Zestoako Elizondo eraikina gaztetxe berri gisa okupatu zuen Gazte Asanbladak. Eraikina Elizaren jabetzakoa da, eta gotzaindegiak gaztetxearen aurkako prozedura abian du. Protesta ekintzak nagusitu dira azken asteetan, igandean Zestoako elizan, esaterako. Zestoako Udalak adierazi... [+]


2024-01-23 | Gedar
Zestoako Gaztetxearekin elkartasunez, Eliza seinalatzen jarraitzen dute

Zestoako Gaztetxearen kontrako prozedura judiziala mantentzen du Elizak: asteazken honetan izango da epaiketa. Aurreko ostiralean, Gaztetxearen aldeko elkarretaratze bat izan zen Donostiako Artzain Ona katedralean.


Zarauzko gaztetxean lapurreta egin dutela salatu dute

Kontzertuetarako materiala eta baliozko tresnak eraman dituzte.


2023-09-12 | Ahotsa.info
Ez Dago Hilda festibala urriaren 28an ospatuko da Berriozarren "eszena autogestionatuarentzat" lokal bat helburu

Ez Dago Hilda festibalaren antolakuntzak azaldu duenez, festibal honen helburua dirua lortzea izanen da Iruñerriko eszena autogestionatuak behar duen entsegu espazio bat eskuratzeko. Urriaren 28an Berriozarko Ilargi parkean ospatuko da hirugarren edizio hau.


Eguneraketa berriak daude