argia.eus
INPRIMATU
Euskal Herriko zazpi lurralde, karta jokoan batuta
  • Euskal Herriko VIII. Mus txapelketa 250 herritan jokatuko da eta 2.000 bikotetik gora ariko dira. 2009an jaio zen ekimena “herri gisa aritzeko eta lotzeko”. Urdiñarben izango da finala 2016ko martxoaren 5ean.

ARGIA @argia 2015eko azaroaren 25

Lehendik ere mus txapelketak antolatzen zituzten Iparra Hegoa elkarteak, Orreaga fundazioak eta Bai Euskal Herriari ekimenak elkarlanean abiatu zuten hausnarketa baten ondoren Euskal Herriko Mus Federazioak 2009an ekin zion mus txapelketa antolatzeari eta geroztik hazi baino ez da egin.

Erriberatik Zuberoara, Enkarterrietatik Erronkarira, Euskal Herri oso bikoteak aurrez aurre izango dira beste behin, jokoan ez ezik, harremanak egiten eta elkar ezagutzen, horixe baita zio nagusietako bat: “Euskal Herrian bizi dugun zatiketa gainditu eta bide berriak jostea”, antolatzaileen esanetan.

Izena emateko aukera

Azaroa, abendua eta urtarrilean kanporaketak jokatuko dira 250 herritan; 2016ko otsailaren 20an berriz zazpi lurraldeetako kanporaketak, eta martxoaren 5ean finala, Zuberoako Urdiñarbe herrian. Izena emateko edo partiden antolaketan parte hartzeko www.ehmus.eus webgunera jo daiteke.

Mus jokoa Euskal Herriko zaharrenetako bat da, Manuel Larramendik XVIII. mendean jada aipatu zuen eta zenbaiten arabera gurean du jatorria, jokoan bertan erabiltzen diren adierak euskal errokoak izan lirateke adibidez.