argia.eus
INPRIMATU
Euskal Herriko Mugimendu Feministak martxoaren 8ko mobilizazioak aurkeztu ditu
  • Martxoaren 8rako egun gutxiren faltan, Bilboko Areatzako tinglatuetan agerraldia egin du Mugimendu Feministak, astearte goizean. Greba egunean kaleak hartzeko deia egin die emakume* guztiei.

ARGIA @argia 2019ko otsailaren 26a
Argazkia: Euskal Herriko Greba Feminista

Beste eredu politiko, sozial eta ekonomiko baten aldeko apustu feminista agerian jarri asmoz, “kaleak berriro ere era masibo, alai eta aldarrikatzailean hartzeko” deia luzatu die Euskal Herriko Mugimendu Feministak emakume* feminista guztiei.

“Greba feminista honetan, emakume* anitzok lurzoru komun batean sustraituriko borroka artikulatu dugu. Oinarri ideologiko eta helburu politiko konpartitu batzuk dituen lurzorua: feminismo antikapitalista-antikolonialista eta heteroarauaren kontrakoa”, adierazi dute.

“Bizitzak erdigunera” aldarri, greba zaintzen gatazka erdigunean jarri eta azaleratzera dator, bizitza sostengatzeko ardura kolektiboak exijitzeko: “Austeritateak zaintzen krisia sakondu duen garaiotan, zaintzaren berrantolaketa soziala aldarrikatzen dugu, politika publikoen zeharkako ardatza izan dadila”.

“Gure lurraldeetan eta gorputzetan burujabe izateko. Lana eta aberastasuna modu justuan birbanatzeko. Bazterreko subjektuok, gure aurkako biolentziarik gabe, aske izan ahal izateko” greban parte hartzera gonbidapena luzatzearekin batera, Euskal Herriko hiriburuetako deialdiak publiko egin dituzte. Beheko kartelean ageri dira zehazturik: