argia.eus
INPRIMATU
Euskal Herriko Mugimendu Feministak autodefentsa antolatzeko dei egin du, azaroaren 25aren atarian
  • Emakumeen kontrako indarkeriaren kontrako nazioarteko egunaren bezperatan, Euskal Herriko Mugimendu Feministak egun horretarako antolaturiko mobilizazioetarako lelo eta aldarrikapenak adostu ditu: "Gaurkoan indarkeria matxistarik gabeko bizitzak orain! diogu eta autodefentsa feminista antolatu baten aldeko aldarria berhartzen dugu gure bizitzak defendatzeko".

ARGIA @argia 2021eko azaroaren 18a

Euskal Herriko Mugimendu Feministak hiriburuetan mobilizazioak egingo ditu datorren ostegunean, azaroak 25, emakumeen kontrako indarkeriaren aurkako egunean. Zehazki, Baionan 18:00etan izango da manifestazioa Moracin plazatik hasita; Bilbon 19:30ean Jesusen Bihotzetik; Donostian,

arratsaldeko 19:30ean Bulebarretik hasiko da manifestazioa, Gasteizen, 19:00etan Iparralde Gizarte Etxetik, eta Iruñean 20:00etan Baluartetik.

Deialdi horiekin batera, leloa eta irakurketa bateratua ere plazaratu ditu mugimenduak. Indarkeria matxistarik gabeko bizitzak orain! izango da aldarri nagusia eta "emakume* izate hutsagatik egunero pairatzen ditugun indarkeria anizkoitzik gabeko bizitza askeen alde" aterako dira kalera. Gogorarazi dute aurten ofizialki bost emakume hil dituztela Euskal Herrian, eta azken urtean emakumeek jasandako indarkeria "izugarria" izan dela: "Ehunka eta ehunka dira ere, LGTBIQ+ kolektiboaren kontrako eraso, gorroto diskurtso eta sexu orientazioagatik zein genero identitateagatik ematen diren bazterketak. Noiz arte?", galdetu dute.

Zentzu horretan, erakunde eta eragileei exijitu diete emakumeek indarkeria matxistarik gabe bizi ahal izateko lan egin dezatela, "gure eskubidea baita", eta eskatu diete "mozorroturiko" adierazpen instituzionaletatik haragoko konpromisoak hartzeko: "Ez dugu benetako neurri eraginkorrik eta aurrekonturik gabeko berdintasun politika hutsalik onartuko, ezta zerbitzu publikoen prekarizaziorik ere". 

Batzuen pasibitatearen aurrean, ekintzarako asmo irmoa ere erakutsi du mugimendu feministak, eta autodefentsaren eta "boteretze kolektiboaren" alde egin du: "Nazkatu gara beldurra izateaz".