argia.eus
INPRIMATU
Euskal Herriko hainbat musika taldek bat egin dute Spotify-ri boikot kanpainarekin
  • Naxker, Fermin Muguruza eta Bloñ musika taldeek, besteak beste, bat egin dute Musikariak Palestinarekin plataformak abiatutako Spotify-ren aurkako ekimenarekin. Hain justu, musika erreproduzitzeko aplikazio erraldoiaren jabe nagusiari, Daniel Ek-eik, egozten zaio Israelek darabilen armagintza-enpresa batean 700 milioi dolar inbertitzea.

BeƱat Badiola Etxeberria 2025eko urriaren 08a
Ekimenak sare sozialetan zabalduriko ilustrazioa.

Palestinar herriaren aurka Israelgo Estatu sionista egiten ari den genozidioa gogortu zen unetik, Euskal Herrian hamaika izan dira eginiko mobilizazioak, azkena larunbatean: 50.000 pertsona bildu ziren Iruñean Palestinar Erresistentzia aurrera Israel desegin lelopean. Boikot kanpainak ere zabaltzen joan dira gurean, besteak beste, EHUk uko egin dio milioika euroko ikerketa proiektu bati, Israelgo Estatua horren parte zelako, eta Espainiako Vueltan geldiarazi zuten. Boikoterako testuinguru horretan, Musikariak Palestinarekin plataforma eratu dute.

Sare sozialetan dagoen plataformak honako hau zabaldu du: "Euskal musikagintzatik ezin dugu onartu Spotify-k armagintzan egindako 700 milioi  dolarreko inbertsioa, ezta urteetan musikariek jasandako prekarizazioa  ere. Horregatik, gure musika plataforma honetatik kendu eta entzuleak  plataforma etikoagoetara bideratzea bilatzen dugu”. Hain zuzen, Daniel Ek Spotify-ko CEOa da eta udaran jakinarazi zen Helsing Defence teknologia enpresan milioika euroko inbertsioa egin zuela. Enpresa horrek, adimen artifizialaren bidez funtzionatzen duten drone militarrak garatzen ditu, eta horiek armada sionistak erabili izan ditu herritar zibilen aurka.

Armagintzako inbertsio horiek zirela medio, eta herri palestinarrari sostengu moduan, hainbat musikarik Musikariak Palestinarekin plataforma sortu zuten abuztu bukaeran.  Plataformak gonbita egin zien euskal musika taldeei Spotify-ri boikota egiteko.

Batu diren taldeen artean hauek aurki ditzakegu: Birkit, Bellum, Zero, SDA , Nhil, La Furia, Esanezin, Incense, Karam, Meison, Naxker, Mark Duti, Xutik, Vulk, Mice, Sei Sega, Joseba B. Lenoir, Argazki bat behelainoan, Fermin Muguruza, Daño Dolor, Txoriburuek, Bloñ, Xak, Ibil Bedi, Rodeo eta Habi. Era berean, NorBait hil da Hemen eta Alerta Gorria podcastak ere batu dira. Horietako batzuk dagoeneko utzi dituzte sareak, eta beste batzuk prozesua abiatu dute, edo epea iragarri.

Aipatu beharra dago talde eta podcast horiek guztiak ez dituztela streaming plataformatik euren produktu guztiak kendu. Batzuek etorkizunean ez dutela zabalduko esan dute, eta beste batzuk soilik ekimenera batu dira, azalpen gehiago eman gabe.

La Furia ezizenez ezaguna den Nerea Lorón Díaz rap abeslari nafarrak Garan Spotify-ri gutuna idatzi dio, kritika zuzena eginez. Alde batetik, streaming plataformak musika merkantilizatzen eta artea desbaliotu egiten duela aipatzen du, eta bestetik, aurpegiratzen dio palestinarren aurkako genozidioaren kolaboratzaile izatea: “Gustatu egiten zaizu (artistei) lapurtzen diezun dirua Israelgo Estatu genozidari saltzen dizkioten armak egiten dituzten enpresetan inbertitzea, haiekin herri oso bat suntsitzen ari baitira”. Gainontzeko taldeek antzerako argumentuak zabaldu dituzte sare sozialetan, Musikariak Palestinarekin ekimenera batzeko.

Alabaina, Sopotify-ren alternatibak aurki ditzakegu, batzuk zerrendatzearren, Badok ataria, Deezer, Qobuz eta Bandcamp plataformetan gure talde gustukoak entzuteko aukera dago.

Eta mundu zabalean zer?

Irailaren lehen astean, nazioarteko ikuspegiarekin No Music For Genocide ekimena eratu zen. Musika-industria eta kultura-komunitatea interpelatzen ditu, eta Israelgo Estatuaren aurkako boikot kulturala egiteko deia egin. Hain zuzen, Gazan eta Zisjordania okupatuan egiten ari diren genozidioa, eta baita garbiketa etnikoa eta apartheid-egoera, kritikatzen dituzte, baita musika-industriak art-washing edo “garbiketa estetiko” horretan parte hartzen duela ere, diru-interesengatik. Ekimenak zabaldu duenaren arabera, 400dik  gora musika taldek eta diskoetxek babestu dute, besteak beste: Massive Attac, King krule, Kneecap taldeek eta Domino Recording Company argitaletxeak.