Nafarroa: Erregimena erori zenekoa

  • Hauteskundeen esparruan Nafarroako aldaketa instituzionala izan da 2015ak utzitako berririk esanguratsuena. EAJren nagusitasuna ere nabarmentzekoa izan da eta baita Ahal Duguren azaleratzea. Epe eta produkzio kontuak tartean, ondoko kronikak ez ditu kontuan hartzen Espainiako hauteskunde orokorrak.

Uxue Barkos da aldaketaren gobernuaren lehendakaria, Geroa Bai, EH Bildu, Ahal Dugu eta Ezkerraren sostenguarekin. (Arg.: Idoia Zabaleta / Argazki Press).

2016ko otsailaren 17an - 12:34

2015eko maiatzak 24. Boto kontaketa ohi baino geldoagoa zen gau hartan. EAEn udal hauteskundeen emaitzak aspaldi amaitu zirenean ere, Nafarroan Foru Legebiltzarrerako azken datuak gero eta geldoago iristen ari ziren. Esku beltza errealitatea irentsi ezinean zirudien, egoera berriari paso eman nahiko ez balio bezala. Ezin ordea, eta azkenean aldaketaren aldeko herritar ugarik kalera jo zuen 26 eserlekuak ospatzera: Geroa Baik, EH Bilduk, Ahal Duguk eta Izquierda-Ezkerrak 26 eserleku lortu zituzten eta UPN, PSN eta PPk 24.

    Ez zen txantxetakoa, 1936tik Nafarroak ezagutuko zuen aldaketa politiko-instituzional handienaren hastapena zen. Laukotearen blokean Geroa Bai nagusitu zen eta Uxue Barkos Nafarroako Gobernuko lehendakaria izango zen eta EH Bilduko Joseba Asiron Iruñeko alkate.

    Baina bi instituzio giltzarri horiez gain, laukotearen aliantza berriak udal aldaketa ia erabatekoa ekarri zuten Nafarroa osora. 2011ko udal hauteskundeetan aldaketa oso esanguratsua eman zen jada, batez ere Iruñerrian eta iparraldean; oraingo aldaketak lurraldearen erdialde eta hegoalde osoa ere hartu zuen. Iragan legealdian 20 alkatetza handienetatik 11 zituen UPNk eta egoera berrian bakarra, Cintruenigokoa.

    Bototan UPNk jarraitzen zuen izaten lehen indarra udal hauteskundeetan, baina isolamendu arazoez gain, indar galera agerikoa izan zen. EH Bildu zen bigarren indarra orain, baina honek 25 gehiengo oso lortu zituen eta UPNk 17; edo EH Bilduk 297 zinegotzi eta UPNk 281. PSNren udal handiena ere, Antsoain, EH Bilduren eskuetara iragango zen. EH Bildu zen bigarren udal indarrik handiena, baina alkatetza garrantzitsu asko laukotearen aliantzari esker eskuratu zituen, Iruñean edo Barañainen bezala.

    Ez zen erraza gertatutakoa sinestea: Nafarroako Gobernua, Iruñeko Udala eta lurraldeko udal gehienak aldaketaren haizeen mendean. Gizarte mailan ere gune ugaritan islatzen zen harridura eta poza, aldaketa sostengatu zuten herritarren ahotan ez zen besterik lehenbiziko hilabetean, dendan, plazan, eskolan, non-nahi.

Aldaketaren klabeak

Baina zer gertatu zen? Nafarroa osoa aldatu zen gauetik egunera? Ez, aldaketa pixkanaka etorri da eta batez ere aliantzak ekarri du. Eta hala ere, kontuan hartzekoa da bototan Legebiltzarrean UPN, PSN, PP eta Ciudadanosen blokeak (161.000 boto) aldaketaren lau indarrek baino (160.000) boto gehiago lortu dituztela. Bloke horren hazkundea –abertzaleak eta PSNtik ezkerrerakoa– azken 15 urteetan ematen da apurka, eta azken jauzia da nabarmenena: 1999an 84.000 boto, 2003an 102.000, 2007an 110.000, 2011n 115.000 eta 2015ean 160.000.

    Botoekin irabazten dira edo galdu hauteskundeak, baina horra iristeko kalea eta Legebiltzarra ere klabeak izan dira kasu honetan. Krisiaren garaian Nafarroa herrialde beroa izan da kaleko mobilizazioetan, eta horren erakusle dira greba orokorretako deialdietan izandako mobilizazio handiak edo egunerokoan dinamika sozialak izan duen indarra: Kontuz eta CANen inguruan, murrizketen aurkakoak, etxe-gabetzeak, feminismoa, mugimendu errepublikarra, memoriaren alorra, euskara… Horietan guztietan partekatu dira borroka bateratuak.

    Nafarroako Legebiltzarrean elkarrekin egindako oposizio lana ere bilgune garrantzitsua izan da gerora gobernuaren aliantza lotzeko. Yolanda Barcinaren gobernuaren mailua izan da eta hainbatetan oso estu ibili izan zen, batez ere CANi lotutako ikerketarekin edo Lourdes Goikoetxea eta ogasuneko aferarekin.

UPNren akatsak

Nabarristen akats nagusia urteetan metatutako boterea betirako izan zitekeela sinestea izan da. Erregimena osatu zuen eta Nafarroa bere zaleen eta ideien zerbitzura jarri. Iván Giménezen El corralito foral liburuaren tituluak eta mamiak ondo laburbiltzen dute Nafarroa zer izan den UPNrentzat azken 30 urteetan. Laguntzaile fina izan du PSN, eta hau ere fin atera da hauteskunde hauetatik: 44.911 boto, bere historiako eskasenak. Eta hala ere nahiko pozik agertu ziren, denek uste baitzuten beherago joko zuela.

    Jokaldi zehatzagoetara etorriz, 2011n Yolanda Barcina Gobernuko lehendakaritzara iristean PSNrekiko distantzia areagotu zen eta honek UPNren baitan oraindik jarraitzen duen banaketa lagundu zuen. Besteak beste, PSErekin gobernatu nahi zuen sektorea –Miguel Sanz eta Alberto Catalán erreferentzia gisa– eta Yolanda Barcinaren inguruan bildutakoak, PPrekin akordioak errazago lotzearen aldekoa.

    Barcinaren harrokeriak alderdiaren gobernagarritasuna galdu zuen: 2011n PSNrekin osatu zuen koalizio gobernua eta urtebete baino lehenago egotzi zituen gobernutik. Hortik aurrera legealdia gurutze-bidea bilakatu zitzaion eta bakardade politikoan egin behar izan zion aurre, lehenengo aurrekontuak hiru urtez luzatuz, esate baterako.

    UPNren baitan irekitako lehia zorrotzak ere ez du alderdiaren irudiaren alde egin. Yolanda Barcina gailendu zitzaion Miguel Sanzen sostengua zuen Alberto Cataláni, baina Barcinaren taldeak hauteskundeak galdu zituen. Aparretako ibilbide politikoa egin zuen urteetan Barcinak, lokatzetaraino heldu zen –Javier Esparzak UPNko zerrendetan ez aurkeztea eskatzeraino– eta, azkenean, Telefónicarako jauziarekin, ate birakarietan bikaina dela erakutsi zuen.

    CAN izan da azken urte luzeetan Barcinaren gobernua jarraitu duen mamu beltza eta bere galerarik handiena. Krisiaren aitzakian egindako murrizketak ere giltzarri izan dira UPNk 20.000 boto galtzeko. 1996tik gobernuan, jende asko lepo zegoen UPNrekin.

Ahal Dugu

Aritmetikaren esparruan, hau da seguruenik gobernua eskuratzeko klaberik garrantzitsuena: ohiko alderdien esparrua mugitzera etorri den Ahal Dugu alderdi berria. Nafarroan aldaketari buruz jardutean, beti pentsatu izan da PSNrik gabe ezingo zela aldaketa hori gauzatu. 2007ko abuztuan PSNk eta NaBaik gobernu aurreakordioa lortu ere egin zuten, baina PSOEk ez zuen gobernua eratzeko baimenik eman.

    2014ko Europako Legebiltzarreko hauteskundeetan Ahal Duguk 20.000 boto lortzean ikusi zen lehenbiziz argi samar PSNrik gabe aldaketa posible zela. Udal hauteskundeetan, Ahal Duguk boto berria ekarrri zuen eta, gainera, PSN eta Izquierda-Ezkerraren botoa erakartzea lortu zuen, guztira 46.000 boto eta 7 parlamentari eskuratuz. Nekez pentsa liteke Ahal Dugu gabe, Gero Bai, EH Bildu eta Ezkerrak boto horiek guztiak bilduko lituzketenik.

    Beste mutur ideologikoan ere izan zen aldaketa klaberik. Kataluniatik zabaldua, Ciudadanos alderdiak 9.993 boto batu zituen. Ez zuen %3 gainditu eta ez zen legebiltzarrera sartu, baina 200 boto gehiago lortu izan balitu, agur parlamentuko gehiengoari. Albert Riveraren alderdiak, batez ere PPren boto emaile zati handi bat erakartzea lortu zuen, PPk ia botoen erdia galdu zuen-eta (23.000tik 13.000ra). Estatuan bezala, Ciudadanosek UPD irentsi zuen: hilabete batzuk lehenago inkestek zalantzazko parlamentari bat ematetik, 1.700 boto (2011n 9.000) lortzera iragan zen.

ETAren ondorengoa

Aldaketaren azken arrazoi moduan azaltzen da kronika honetan, baina ez garrantzian azkena delako. Nafarroan aldaketa instituzional erraldoi hau eman bada, ETAk 2011n bere jardueraren amaiera iragarri zuelako ere bada. Bestela ez zatekeen posible.

    Funtsean, 2015eko hauteskundeek zerbait erakutsi badute zera da: aldaketa posible zen. Orain, erregimeneko indarrak eta aldaketaren arteko indarrak orekatuak dira Nafarroako gizartean, eta pilota alde batera edo bestera erortzea tarte gutxiren menpe egongo da. Beraz, ondo ez, oso ondo egin beharko ditu lanak gobernura iritsi nahi duenak. Klabe garrantzitsuena orain gobernua sostengatzen duten indarrak elkarrekin mantentzea izango da. Hainbat esparrutako desadostasunak agerikoak dira, baina 500dik gora neurri aurreikusten dituen gobernu akordioa ere bai. Hori da lau indarren euskarri garrantzitsuena.

EAE: eredu lehian EAJ nagusi
EAJk EAEko hiru foru aldundi eta hiriburuetako gobernuak eskuratu zituen 2015ean. (Marisol Ramirez / Argazki Press).

EAJ eta EH Bilduren hegemonia lehia argi gelditu da oraingoz Eusko Autonomia Erkidegoan. 2011ko udal hauteskundeetan Bilduk lortutako emaitzen ondoren, hegemoniaren lehia hori zabalik geratu zen: EAJk 326.000 boto eta Bilduk 276.000. Aldea zegoen oraindik, baina abertzaletasunetik EAJk inoiz ez zuen inoren arnasa hain gertu sentitu. Gainera krisi ekonomikoaren egoera latza hor zegoen eta inork ez zekien horrek nola eragingo zien jeltzaleei. Horrez gain, ETAren amaierak 2011n Bildu saritzea ekarri bazuen. Horrela izango zen baita ere aurrerantzean, adibidez Irlandan Sinn Feinekin gertatu zen bezala?

    2012an eman zen lehiaren lehen jokaldia, Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan: EAJk 384.000 boto eta EH Bilduk (oraingoan Aralar barne) 277.000 (eserlekutan 27-21). Jeltzaleek aise gainditu zuten partida. Eta erraztasun berberarekin 2015eko maiatzean, beti ezker abertzalea hobeto moldatu den udal hauteskundeetan: EAJk 360.000 boto eta EH Bilduk 254.000. Jeltzaleek udal hauteskunde batzuetan lortutako bigarren emaitzarik onena zen (1983an 392.000 boto).

    Hegemoniaren lehia, beraz, badirudi argi samar geratu dela aldi baterako. Baina boto kontuez gain, iazko udal eta foru hauteskundeetan bazen gainditu beharreko beste langa berezi bat EH Bildurentzat. Lehenbiziz Donostiako alkatetzan eta Gipuzkoako Diputazioan agintzea lortu zuen 2011n eta bere kudeaketaren emaitza jaso behar zuen hauteskunde hauetan. EAJ nagusitu zen bai Donostian eta bai Gipuzkoan.

    Etsipena handia izan zen EH Bilduko jarraitzaileen artean. Zatiketa instituzionala agerikoa zen jarraitzaileen artean: EAEn buru makur, Nafarroan pozarren. Jeltzaleak, aldiz, galtzetan kabitu ezinik ziren historiako emaitza onenetakoarekin patrikan. Geroxeago jorratuko ditugun hainbat arrazoirengatik, irakurketa orokorra mikatza zen ezker abertzalean: azken hamarkadetako krisirik gogorrenean, Eraldatuk porrot egin zuen eta Betiko jaun eta jabe agertu zen.

    Gipuzkoan zehar ere zartakoa handia izan zen, 136.000 bototik (Bildu + Aralar) 103.000ra iraganez, %25 gutxiago. Arrasate, Zarautz, Pasaia, Tolosa, Aretxabaleta, Eskoriatza… eta beste hainbat herrietako alkatetzak galdu zituen koalizio soberanistak. Gipuzkoako Diputazioaren kudeaketarekin azaldu nahi izan da lurralde honetako galera, eta izan liteke neurri batean, baina gehiago ere badago. Bizkaian, esate baterako, Bildu + Aralarretik EH Bildura 32.000 botoren galera egon zen. Gizarte ereduen talkaz gain, badira beste hainbat arrazoi galera horretan, besteak beste eskuratzen duen botoa betiko berea dela pentsatzea, eskema politiko zaharren zama eta komunikazio arazoak –barne mailan zein kanpora begira–.  

    EAJren kasua guztiz aurkakoa zen, eta emaitzokin itzultzen zen EAren zatiketa aurreko botere instituzionalaren mailara: Jaurlaritza, hiru diputazioak eta hiriburuak EAEn eta, gainera, Nafarroan parte hartzen duen koalizioak Gobernuko lehendakaritza. Boto-emaileen arrantzari dagokionez, oso gauza bitxia egin zuen: EA, Aralar eta PPren boto emaileak erakartzea. Gaitza da jokaldia biribilago ateratzea.

PSE-EE, inoiz baino estuago
1980raino jo behar da 2015eko udal eta foru hauteskundeetan baino emaitza okerrago bat (130.000 boto) bilatzeko.

PSE-EEk eta PPk sostengua galtzen jarraitzen dute euskal gizartean. Harrigarriena PSE-EEren jarrera izan liteke, hauteskunde biharamunean botoak galdu izan zuela onartu bai baina balorazioa ez zen horren txarra izan, funtsean emaitza okerragoak espero zituztelako. Errealitatea, ordea, mailu gupidagabea da: 158.000 boto lortu zituen EAEn, 2011n baino ia 20.000 gutxiago. 1980raino jo behar da emaitza okerrago bat (130.000 boto) bilatzeko. Horrekin dena esanda dago.

    Ez da zalantzarik, Ahal Duguren sorrerak kalte egin dio eta bere hautuek ezinbestean despistatu behar dituzte haren jarraitzaileak: ilegalizazioa uztarri, PPrekin Jaurlaritzari eusteko ituna egitetik, 2013an jeltzaleekin etorkizuneko itun sakona sinatzeraino. Tartean, EH Bildurekin ere adostu zituzten Gipuzkoako Diputazioko 2013ko aurrekontuak, baina sozialisten ekintza isolatua izan zen hura.

    EAJrekiko lankidetza ez da berria, 1980ko hamarkadaren amaieran eta 1990koan Jose Antonio Ardanzarekin osatutako koalizio gobernuak izan ziren ezkontza horren urrezko aroa. Garai hartakoa intentsitate txikiagoarekin eta sozialisten menpekotasun handiagoarekin ari dira errepikatzen orain. Horrekin, EAJren eskutik arnas instituzional apur bat lortu du PSEk, baina ez dirudi samurra izango duenik bere identitateari EAJren besotik eustea, are gutxiago Ardanza garaian zuen indarraren erdiarekin.

PP, 1991ra atzera eginda

PPren egoera larriagoa izan liteke, 102.000 botorekin bere historiako hirugarren emaitzarik txarrenak lortu baitzituen (txarrenak 1991n, 76.000 boto, sortu eta bi urtera). 44.000 boto galdu zituen 2011rekiko eta ordezkaritza instituzional garrantzitsuena galdu zuen. Araban eta Gasteizen ozta-ozta lehen indarra izatea lortu bazuen ere, Diputazioa eta Gasteizko Udala galdu zituen. Gipuzkoan izan zuen emaitzarik txarrena, 19.000 boto eskuratuz. Donostian 6tik 3 zinegotzira pasatu zen eta lurralde osoan beste hiru zinegotzi mantendu zituen, Irunen, Hondarribian eta Lasarte-Orian.

    Espainiako alderdi handienak dira PP eta PSOE, baina Euskal Herrian orain arteko beren egiteko moldea aldatu beharko dute ETAren ondorengo garaira egokitzeko. Kaioaren alderdiak hiru arantza-gune nabarmen izan ditu gainbehera honetan: Espainiako PPren irudia –krisia eta ustelkeria–; bakegintzaren aurka izandako rola; eta PPren barne zatiketa, azkenean Arantza Quiroga aurrez aurre eraman duena.

    Ahal Duguri dagokionez, Batzar Nagusietara aurkeztu zen bere izenez eta 150.000 boto eskuratu zituen, oso emaitza ona halako hauteskundeetara lehenbiziz aurkezten den indar baterako. Irabaziri jan dio esparru garrantzitsuena, eta PSOEri eta EH Bilduren hauteslerietan haginkada ederrak eman ditu. Espainian alderdiak duen garapenaren menpe egongo da Euskal Herriko bere etorkizuna.

Sistemari eutsi edo berau eraldatu

EAJren ibilbidea ikusita, euskal lurretan oposizioak gehiago higatzen du gobernuan egoteak baino. Bestela esanda, dagoen sistema mantentzen laguntzen duten alderdiek askoz errazago dute boterean mantentzeko gizartea eraldatu gura dutenek baino. Euskal gizartean EAJ da sistemaren defendatzailerik eraginkorrena eta, krisiak krisi, herritarrek dagoen egoera horri eutsi nahi diote oraingoz. 2008-2012ko legealdia kenduta berak agindu du Eusko Jaurlaritzan 1980an eratu zenetik.

    Zailtasunak zailtasun, dagoen eredua mantentzea da kontua, azken finean. Kapitalismoak eragindako krisi sistemiko latza bizi dugu egun, neoliberalismoaren azken bultzadak are eta gehiago estutu duena, eta ongizatearen lorpenak birrintzen ari dena. Espainiako Estatuan krisiari oparoen eutsi dion lurraldea da Hego Euskal Herria, eta hala ere gizarte sektore guztiek egin dute atzera: pobrezia handitu da, langabeziak gora egin du –gazteen artean bereziki–, prekarietatea geratzeko etorri da, lan eskubideen murrizketa, osasuna eta hezkuntzan atzerapauso garrantzitsuak, klase ertaina hertsi da… Hamarkadetako lorpen sozialetan atzera egiten ari da nabarmen aberatsenen bultzadarekin.

    Euskal Herrian gehiengoa den klase ertain hori, Europako beste hainbat lekutan moduan, beldurtu egiten da eta nahiago du gutxira doan orain arteko segurtasuna, eredu berrien abentura baino, besteak beste honek lan eta borroka esparru ugaritan murgiltzea eskatzen duelako. Seguruenik, bere lorpenak galtzeko beldur den sektore zabal horren erresistentzia gainditu beharko du edozein indar eraldatzailek.

  

EH Bilduk Gipuzkoako Diputazioa, Donostiako Udala eta beste udal garrantzitsu asko galdu zituen 2015eko maiatzean. (Arg.: Argazki Press)

Horretan aritu izan da EH Bildu Gipuzkoako Diputazioan, esaterako, eta ezin izan du. Eskema horretan koka daiteke aberatsen zerga erreforma edo halako zalaparta ekarri duen hondakinen eztabaida. Gipuzkoako boto emaileen %34 eskuratu zuen 2011n. Asko zen, irudikaezina beretzat, baina gutxiengoa eta sostengurik ez zen inguruan. Gutxiengo horrekin jardun zuen eraldatze lanetan Gipuzkoan, oposizio guztia aurka, eta okerragoa dena, statu quoaren aldeko botere faktiko eta mediatikoak aurrez aurre.

    EH Bildu eraldaketaren gurdi horretara igotzekotan izan daitezkeen gizarte sektoreei begira ari da, arreta berezia jarriz gaur egun Ahal Dugunaren inguruan antolatu direnei. Gizarteko eskakizun berriei egokituz, eskema zahar asko utzi beharko ditu atzean langintza horretan, ideia, jarrera eta aliantza berriei ateak irekiz. Apustua ez da samurra, sektore batek ideia eta jardueratan ezkerrera bultzatzen duen bitartean, beste batzuen erresistentziak agerikoak dira eta. Apurka ezkerreko sektore berri bat osatuz doa euskal gizartean eta ezker abertzaleak datozen bizpahiru urteetan emango dituen urratsak garrantzitsuak izango dira eszenatoki berri horretan kokatzeko. 300.000 botoko lur zorua Hego Euskal Herrian ez da txantxetako abiapuntua, batasunari eusten badio bederen.    


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Aktualitatearen Gakoak 2016
Aktualitatearen Gakoak
Abiadura biziko aktualitateari begiratu lasai

Urtea hastearekin batera eta 2016ko urtarrileko estiloari jarraituz, pasa den urteari begira jarri, aztertu eta datorrenari zer begirekin so egin asmatzen ahalegindu dira ARGIAko hauek Aktualitatearen Gakoak kazetaritza liburuxkan. Ez profeta izateko desirarekin, 2017an izango... [+]


Etorkizuneko eredu ekonomikoa gure artean dugu

Europan sistema ekonomiko feudala hegemonikoa zen garaian, itsasotik hurbil zeuden hiri askotan beste egiteko modu batzuk lantzen hasi ziren, batez ere itsas komertzioarekin lotutako salerosketek eragindako kapital metaketari esker. Orduan landu ziren banaketa, ekoizpen eta... [+]


2016-03-10 | Eduard Voltas
Katalunia independentziarantz
Prozesuak jarraituko du

Kataluniak bere etorkizunaz erabaki dezakeen subjektu politikoaren ideia katalan gizartearen hezur mamiraino sartua da, independentismoaren mugetatik askoz harago. Espainolismo atzerakoienak bakarrik arbuiatzen du, PPk eta Ciudadanosek.


2016-03-09 | Jon Torner Zabala
Futbola ere lapurtu ez diezaguten

Ez gara gu izango kirol profesionalak jasotzen dituen laguntza publikoak justifikatuko dituztenak. Alde positiboago batzuei heldu nahi izan diegu ordea, pelotazo urbanistikoak edota petrodolar exotikoak ikur dituen futbolaren aurpegi humanoagoa erakusten dutelakoan.


Kutxabanken erronkak

Burtsara irteteko borondatea atzeratuta, bankuak hainbat erronkari egin beharko die aurre: kapitalen premia, araudi gogorra eta jabetza. Zer egin nahi dugu Kutxabankekin?


Eguneraketa berriak daude