argia.eus
INPRIMATU
Euskal Herriko ANCren biltzarra irailaren 9an aurkeztuko dute Bilbon
  • ANC Kataluniako Biltzar Nazionalaren Euskal Herriko ordezkaritza irailaren 9an aurkeztuko dute Bilboko Kafe Antzokian. Aldez aurretik Kataluniako Diadan eratuko den “V”aren irudikapena egingo dute.

Judith Perez @judyjudd 2014ko abuztuaren 20a
Kataluniako Diadan eratuko den "V" erraldoia irudikatuko dute Bilbon ANCren Euskal herriko Biltzarraren aurkezpen egunean (argazkia: Josep Garcia)

Ekitaldia arratsaldeko 20:00etan hasiko da eta Jaume Marfany ANCren presidenteordeak aurkeztuko du. Ondoren Kataluniako prozesu subiranistaren giltzarrien inguruko solasaldia emango du Gorka Knörr politikari ohiak.

Stand bat egongo da Kataluniako prozesuaren informazioarekin. Erabakitzeko eskubidearen alde sinatu eta Biltzarrarekin bat egiteko aukera izango dute bertaratzen direnek.

Euskal Herriko ANC otsailean sortu zen eta Euskal Herrian bizi diren katalanek eta Kataluniarekin familia-harremana edota elkartasuna duten euskaldunek osatzen dute. Katalunian eta Euskal Herrian ez ezik, beste 25 herrialdetan ere badu ordezkaritza ANCk.

“V”a Bilbon

Euskal Herriko ANCren aurkezpena baino lehen, 18:30ean, bi egun geroago Bartzelonan osatuko duten “V”aren irudikapena egingo dute. Plataformak herritarren kolaborazioa eskatu du Bilboko “V”ak arrakasta izan dezan.

ANCk irailaren 11n “V” erraldoi bat eratu nahi du Bartzelonako Diagonal eta Gran Via kaleak jendez betez. Bidea, borondatea, bozkatu eta garaipena (Vía, Voluntat, Votar, Victòria) adierazi nahi du “V”ak eta azaroaren 9ko erreferendumaren aldeko ekitaldia izango da.