Euskal Herriko 14 film Zinemaldian, erdia baino gehiago euskaraz

  • Zinemaldiak asteazken honetan aurkeztu du aurtengo festibalaren Euskal Herriko eskaintza: etxeko bi ekoizpen izango dira Sail Ofizialean eta 14 filmetatik 8 dira euskaraz osorik edo hein batean.

Tabakaleran aurkeztu dute Zinemaldiko aurtengo euskal eskaintza (argazkia: @markelolano).

2017ko abuztuaren 30an - 13:21

Jon Garaño eta Aitor Arregiren Handia izango da, aurreikuspen guztien arabera, aurtengo Zinemaldiko euskal produkzioen artean arreta gehien erakarriko duena, Migel Joakin Eleizegi “Altzoko Handia”-ren historian oinarritutako filmarekin. Baina Moriartiko zuzendariek lideratzen duten tropelean badira beste oilar batzuk, hala nola, 2013ko Zinemaldian La herida filmarekin aho zapore ona utzi zuen Fernando Francoren lan berria, Morir, zeina Sail Ofizialean lehiatuko den.

Koldo Almandozek iaz Sipo Phantasma-rekin publikoa poltsikoratu ondoren, aurten Plágan film laburra ekarriko du Zabaltegi-Tabakalera sailera –diotenez, izurria bezala zabalduko dira hari buruzko komentarioak–.

Zinemira: debutak eta aspaldiko ezagunak

Euskal ekoizpen gehienak Zinemira sailean ikusiko dira, festibalak Euskal Herriko produkzioari urtero eskaintzen dion txokoan. Tartean dira antzerkizaleen ikusmina eragingo duen Non, teatro munduan egindako lanarengatik ezaguna den Ximun Fuchs-ek eta Eñaut Castagnet-ek (Berria 10 urte, When I was a child) zuzendua.

Iñigo Garciak Bi txirula-rekin debutatuko du film luzeen alorrean, aurretik zenbait labur egin ondoren. Lehenagotik festibala ezagutzen dute berriz Pablo Iraburuk, Migueltxo Molinak eta Igor Otxoak, ekoizle eta zuzendari gisa Walls eta Pura vida ekarri baitzituzten aurreko edizioetan. Oraingoan Elkarrekin-Together estreinatuko dute Zinemaldian, zeinaren bidez joango garen AEBetako ekialdeko kostaldean dagoen irla urrun bateraino, euskal bale arrantzaleak eta bertakoak han elkartu eta lankidetzan aritu zirela baieztatuko duten frogen bila.

David Arratibelek berriz, Converso filmean esplikatuko du nola bere familia osoa erlijio katolikora konbertitu den. “Haiekiko distantzia gero eta handiagoa zenez, erabaki nuen film bat egitea, ulertzeko nola sartu zen Espiritu Santua haien bizitzetan, eta, nolabait, baita nirean ere”.

Juanba Berasategi zenaren azken filma ere, Nur eta herensugearen tenplua, ikusi ahal izango da Zinemiraren baitan, aurretik aretoetan estreinatua izan den arren.

Lan hauetatik zazpi lehiatuko dira Festibaleko Irizar Saria lortzeko: Handia, Morir, Plágan, Non, Bi txirula, Elkarrekin-Together eta Belodromoan eskainiko duten Operación Concha, Jordi Mollà, Karra Elejalde, Unax Ugalde, Ramon Agirre eta Bárbara Goenaga protagonista dituena.

Arreta merezi duten zenbait film labur

Film labur hautatuen euskal katalogoak ere izango du lekua Donostian. Pena da, nolanahi, Zinemira-Kimuak saila profesionalek eta prentsa akreditatuak bakarrik gozatu izatea, atal horretan ere badaudelako a priori oso itxura ona duten ekoizpenak, hala nola, Andres Daniel Sainzen For the good times, Iñigo Fernandez Ostolazak eta Iñigo Royok zuzendu duten Ab alio edo Irati Gorostidik eta Arantza Santestebanek zuzendutako Euritan. Saila osatzen dute Atxur animazio taldearen Areka-k, Raul de la Fuenteren La fiebre del oro-k eta David P. Sañudoren Aprieta pero ráramente ahoga-k.

Bestalde, bestelako jardueren atalean Bertha Gaztelumendik zuzendutako Volar dokumentala ere ikusi ahal izango da. Iraganean genero-indarkeria bizi izan duten bederatzi emakume elkartu ditu zuzendariak: asteburu bat elkarrekin emango dute landa-eremuan, eguneroko bizitzatik urrun.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Zinemaldia 2017
Zinemaldiko Publikoaren Saria: Barretik negarrera

Jendeak barre egin nahi du, eta negar; sentitu, emozionatu. Beharbada horregatik irabazi du tragikomedia batek Publikoaren Saria.


Desastrearen, emakumeen eta 'Handia'-ren Zinemaldia

James Francoren Urrezko Maskorra, Anahí Berneriren eta Sofía Galaren zilarrezkoak eta Handiak jaso duen Epaimahaiaren Sari berezia dira aurtengo palmares ofizialeko puntu nabarmenenak.


Publikoaren Saria / Barretik negarrera

Jendeak barre egin nahi du, eta negar; sentitu, emozionatu. Beharbada horregatik irabazi du tragikomedia batek Publikoaren Saria.


'The disaster artist' filmarentzat Urrezko Maskorra, 'Handia' ere saritu duen Zinemaldian

James Franco zuzendariaren The disaster artist filmak irabazi du Donostiako Zinemaldiko film onenaren Urrezko Maskorra. Jon Garaño eta Aitor Arregiren Handia filmak Epaimahaiaren Sari Berezia eskuratu du.


Perlak / "The Leisure Seeker". Zaharra, baina bizirik

Bai, zaharrek ere desio sexuala dute, eta bizitzaz gozatu nahi dute, maitasunaz. Eskubidea dute erokeriaren bat egiteko, euren kabuz erabakitzeko, aske izateko… eta gustuko ditugu hori guztia gogorarazten diguten filmak.


Eguneraketa berriak daude