argia.eus
INPRIMATU
'10 Egunez Pantailak Utzi' erronka
Hamahiru eskoletako ikasleak hamar egunez aisialdirako pantailetatik deskonektatuko dira
  • 10 Egunez Pantailak Utzi erronka egingo dute beste behin Frantziako Estatuan ekainaren 7tik 16ra artean, eta Euskal Herrian 13 eskolek parte hartuko dute egitasmoan.

Maddi Viana Zubimendi @maddi76_ 2022ko ekainaren 06a

1.546 haurrek hartuko dute parte 10 Egunez Pantailak Utzi erronkan Ipar Euskal Herrian. Irakasle eta gurasoen laguntzarekin aisialdirako pantaila guztietatik deskonektatuko dira haur eta nerabeak. Ikastolen artean Ortzaizeko Ikastola eta Eperra Ikastola daude, besteak beste.

Aisialdirako pantailen aurrean ematen den denbora kontrolatzea osasun publikoaren eta hezkuntzaren aldetik erronka handia da, 10 Egunez Pantailak Utzi elkarteak dioenez. Erronka deskonexio digitalerako ariketa kolektibo moduan definitzen du, eta emaitza harrigarriak izan dituela baieztatu: gurasoen %84k uste du erronkak nabarmen laguntzen diela beren seme-alabei aisialdirako pantailei eskaintzen dieten denbora hobeto kontrolatzen, eta irakasleen %100ek esperientzia oso erabilgarri gisa ikusten dute.

Gero eta indar gehiago

2003an sortu zuen mobilizazioa Jacques Brodeur-ek Quebecen. Ordutik hamaika ikastetxe eta institutuk ezarri dute mobilizazioa. 2018tik aurrera, 10 Egunez Pantailak Utzi elkarteak gero eta arrakasta handiagoa duen erronka kolektiboa eskaintzen du: 4.500 lagunek parte hartu zuten 2018an, 6.000k 2019an, 17.000 baina gehiagok 2021ean eta 36.000 baina gehiagok 2022an.

Erronkaren helburua da haur eta nerabeek aisialdirako pantailarik gabe 10 egun pasatzea. Horren truke, ikasle, guraso, irakasle, elkarte eta komunitateek elkarrekin lan egiten dute hamar egun horietan jarduera alternatiboak eskaintzen dituen programa bat osatzeko. Ekintzak ohiko pantaila-orduetan egiten dira, arratsaldez klase ostean edo asteburuetan, adibidez.

Hasiera ekitaldia

Erronkari hasiera emateko ekitaldia izango da Urruñako San Franses Xabier ikastetxean. Ekainaren 7an, asteartea, egingo da 10:00etan. Bertan ikasleen pantailen deskonexio sinbolikoa, kontagailu kolektiboaren martxa jartzea, etab. egingo dira.