Nafarroatik sartu da Emakumeen Mundu Martxako karabana europarra gurera. Tafallan hasi du Euskal Herriko ibilbidea martxa feministak, eta harrera beroa egin diete kideei lehen helmugan.
Tafallako udaletxe plazan hango alkate Arturo Goldarazenak eta hainbat eragilek hartu zuten hitza atzo, mugimendu feministari egindako lana eskertzeko. Ondoren, lorategi feminista landatu zuten ikasleekin batera, eta Gareserako bidea hartu zuen karabanak.
Garesen duela 25 urte Salvadorren hil zuten Begoña Garcia Alba herrikidearen oroimen parkean egin zioten harrera martxari. Albari eta Bety Cariñori (paramilitarrek 2010ean Mexikon hil zuten indigena, elikadura burujabetzaren alde aritua) omenaldia egin zieten ekitaldian. Bazkaria izan zuten ondoren herriko plazan, musikaz alaitua.
Eguna Iruñean bukatu zuen martxa feministak. 17:30ean iritsi zen Nafarroako hiriburura karabana, eta hamarnaka emakumek ongi etorria eman zioten bizikleta martxarekin kaleak betez. Udaletxe plazan zunbatoi feminista egin zuten ondoren, eta Txoko Feministara mugitu ziren gero afaltzera.
Martxak Iruñetik Altsasurako bidea hartuko du goizean. Eguerdian, berriz, Leitzan bazkaldu eta Baztan aldera mugituko da karabana, Elizondora. Gauerako, Hazparnen izanen da Emakumeen Mundu Martxa.
Egitarau osoa ikus daiteke martxaren webgunean.