argia.eus
INPRIMATU
Euskal Herrian agroekologia bultzatzeko identifikatzailea sortuko du EHKOlektiboak
  • Juridikoki egituratu dela jakinarazi du agroekologiaren inguruan lanean urteak daramatzan EHKOlektiboak. Lekornen izango du egoitza nagusia eta Euskal Herri osoko laborariak batu nahi ditu proiektuan.

Urko Apaolaza Avila @urkoapaolaza 2014ko apirilaren 09a
Lekornen jakinarazi zuen atzo EHKOlektiboak juridikoki egituratu dela (Ar.: Arantxa Manterola)

Bioekologiatik harago doan laborantzaren alde ari da lanean EHKOlektiboa. Agroekologiak teknika ekologikoez gain irizpide sozial, ekonomiko eta kulturalak ere hartzen ditu kontuan: kontsumo moduak, laborariaren erabakitzeko gaitasuna, neurrizko produkzioa, salmenta zuzena…

Identifikatzailea sortzeko bidean

Eredu hori garatzeko makina bat topaketa egin du 2007tik. Oraingoan beste pauso bat eman du eta juridikoki egituratu da, martxoaren 7an elkarteak Zaldibian hartutako erabakiari jarraiki. Hala, bere proiektuarekin bat egiten duten laborariei EHKO identifikatzailea emango die onarpen eta gainbegiratze lanak egingo dituen batzorde batek.

Zigilua ez da kalitate marka bat izango, tresna bat baizik, eta ekoizpen ekologikoaren araudiak errespetatzen dituela adierazteaz gain, beste alor batzuk ere kontuan hartzen direla ziurtatuko du: lurraldetasuna, gertutasuna eta elkarlana, bestak beste.

EHKOlektiboaren sorreran Biolur Gipuzkoak, Bio Nekazaritzak, Biharko Lurraren Elkarteak, ENEEKek eta Landare Kontsumo elkarteak hartu dute parte. Europar Batasuneko laguntza ere jaso du, mugaz gaindiko kooperazio proiektua baita.