argia.eus
INPRIMATU
Euskal Herria Zuzenean Behe Nafarroatik Lapurdira
  • Lekorneko Garroko gaztelua izango da ekainaren 28tik 30era ospatuko den Euskal Herria Zuzenean (EHZ) festibalaren eszenatokia. Tokiia eta administrazioa berritzeaz gain, balantze ekonomikoa hartu dute kontuan antolakuntzarekin hasteko.

Ainhoa Mariezkurrena Etxabe 2013ko urtarrilaren 07a

Larunbat goizean Hazparnen egin zen batzar nagusian aurkeztu zen Ipar Euskal Herrian urtero egiten den musika jaialdiaren lekua. Heleta, Uztaritze eta Lekorne ziren hautagaiak eta 70 laguntzaileren botoek erabaki zuten Lekorne izatea. Eneko Etxegarai komunikazio arduradunak adierazi du aukera merkeena eta erosoena dela, aparkalekua eta kanpina gaztelutik gertu daudelako.

Bestalde, administrazio kontseilu berria osatu zuten bilkuran, hainbat kideren arteko aldaketa emanez. 40.000 euro gutxiagoko aurrekontua daukate, baina instituzioekin hitz egiteko asmoa azaldu dute babesa eta sostengua bilatzeko.

Datu horiek jakinda hasi dira plangintza prestatzen. Etxegaraik adierazi duenez hiru agertoki izango dira bost izan beharrean. Eguneko ekintzak Gazteluko plazan egingo direla aurreratu du eta gaueko kontzertuak baso bat pasata. Kazeta.infon irakurri daitekeenez ez dute musika taldeen izenik aurreratuko otsailera arte, hainbatekin harremanetan jarri badira ere.