Juan Jose Ibarretxe Jaurlaritzako lehendakari ohiak Euskal Herria Nazio Batuen Erakundean (NBE) sartzeko desioa azaldu zuen atzo New Yorken, NBEren Batzar Nagusien egoitzan emandako hitzaldian. "Esperantza dut, etorkizun ez oso urrunean, nire herriko lehendakari bat hona etorri eta nire herria NBEn sartzeko eskatuko duela. Errespetua eskatzen dut. Giza Eskubideentzako errespetua, munduko herrientzako errespetua".
Saharar herriarekiko elkartasun taldeek (CEAS) gonbidatuta mintzatu zen New Yorken Ibarretxe. NBEren 1988ko ebazpena –"saharar herriari autodeterminazio eta independentzia eskubideak onartzen zaizkio"– errespeta dadin eskatu zuen, baita duela 20 urte aurreikusitako erreferenduma berraktibatzeko ere: "Ez Marokok, ez zuek [NBE] ez dakizue saharar herriak zer nahi duen, autonomia ala independentzia, ez baitiegu galdetu".