argia.eus
INPRIMATU
Euskal Herrian 380.200 pertsona dira pobrezian, lehengo urtean baino 48.500 gehiago
  • Gaindegia behategiak ostegunean ezagutzera eman du txosten berria. Euskal herritarren berotegi-efektuko gas isurketa mundu mailakoaren bataz bestekoaren ia bikoitza dela adierazi du bertan. Ondorio hau eta beste hainbat eman ditu behategiak. Jarraian datu gehiago.

Leire Rodriguez Garmendia @leirero_22 2023ko otsailaren 02a
Argazkia: Argia Fototeka - Alberto Elosegi.

Gaindegiak, Euskal Herriko ekonomia eta gizarte garapenerako behategiak, 2007tik urtero eman du argitara Adierazle Galeria Nagusiaren txostena. Oraingoan ohiko demografia, ekonomia eta gizartea atalak lantzeaz gain, inguruari buruzko datuak bildu ditu. Atal horretan, hala nola, aldaketa klimatikoa eta airearen kutsadura landu ditu.

Atal berriko zifrei erreparatuz, Euskal Herrian, 2019. urtean, CO2 gutxiago isuri zen biztanleko Europar Batasuneko herrialde kutsatzaileenik alderatuz, zehazki 8,8 tona. Hala eta guztiz ere, urte horretan bertan, mundu mailan 4,5 CO2 tona isuri ziren biztanleko.

Argazkia: Gaindegiaren Adierazle Galeria Nagusiaren txostena.

Are gehiago, tenperatura atmosferikoaren igoera berotze-sistemen beharra murrizten ari da. Europan batez besteko tenperatura Euskal Herrian baino hotzagoa da. Horregatik, berotze-sistemekiko mendekotasun handiagoa dute.

Energia kontsumoa ere aztertzen du txostenak. Pandemiaren osasun larrialdiak eragindako atzeraldi ekonomikoaren eraginez, 2020. urtean energia kontsumoa %9,2 murriztu zen Euskal Herrian. Hortaz, Euskal Herriko biztanleko energia kontsumoak beste behin ere Europar Batasuneko bataz bestekoa gainditu zuen. Bestalde, azken datuen arabera, energiaren %43 petroliotik eratorritakoa da Euskal Herrian. Behategiaren esanetan, 2019. urtean Hego Euskal Herrian kontsumituriko produktu energetikoen %46 Espainiako Estatutik iritsi zen.

Argazkia: Gaindegiaren Adierazle Galeria Nagusiaren txostena.

Euskal Herriko bilakaera demografikoaren arabera, biztanleriak behera egin du bigarren urtez jarraian. Egun hain da txikia jaiotza kopurua, "azken laurogei urteotan ez baitira orain bezain jaiotza kopuru txikia erregistratu", nabarmendu du Gaindegiak. Izan ere, osasun larrialdia hasi zenetik pairatutako hilkortasun handia, migrazio fluxuen jaitsiera eta jaiotzen gainbehera izan dira gehien eragin duten faktoreak. Jatorri atzerritarreko herritarrengatik ez balitz, ordea, jaiotzen gainbehera are handiagoa litzateke.

Joera demografikoak baldintzatzen dituen faktore nagusia ekonomia izan da. Ukrainiako gerrak osasun larrialdi osteko ekonomiaren susperraldia zapuztu duela egiaztatu da 2022 urtearen amaieran.

Argazkia: Gaindegiaren Adierazle Galeria Nagusiaren txostena.

Bestalde, Euskal Herria lehiakortasuna galtzen ari da Gaindegiako txostenaren arabera: "hamar urteren buruan, biztanleko BPG handieneko Europako erregioen rankingean 48.postutik 73.ra pasa da".

Gizarte atalean, Euskal Herrian pobreziak gora egin du eta euskal herritarren %12 pobrezia arriskuan dago. Esaterako, 380.200 pertsona dira pobrezian, lehengo urtean baino 48.500 gehiago. Gainera, euskal gazteen artean langabezia esanguratsua da, nahiz eta enplegu sorrera gorabidean den eta herritarren jarduera-maila pandemia aurreko mailara itzuli den.