argia.eus
INPRIMATU
Euskal Herria harrera herria dela aldarrikatu dute milaka lagunek
  • Pertsona guztien zirkulazio askea eta migratzaileentzako harrera duina eta integrala aldarrikatu dute milaka lagunek asteburuan, “Euskal Herria, harrera herria” lelopean. “Denok gara edo izan gara migratzaile, eta Euskal Herriaren historia harrera pasarteez zein ihesaldi garaiez beterik dago”, gogoratu dute antolatzaileek.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2019ko urtarrilaren 27a

Irungo Harrera Sareak deituta, Irundik Hendaiako erretentzio zentrora eta handik Irungo erdigunera egin zuen larunbateko manifestazioak. Antolatzaileen arabera, 5.000 lagun inguru batu ziren migratzaileen eskubideen alde. Faxismoaren kontrako oihuak ugariak izan ziren, ibilbidean zehar. Amaieran, Amets Arzallus eta Alaia Martinek bertsoak kantatu zituzten, eta Glaukomako Juantxo eta Irungo Bad Sound taldearen txanda izan zen ondoren.

Azken sei hilabeteetan, 5.500 pertsonari egin die harrera Irungo Harrera Sareak. Instituzioen utzikeria salatu dute behin baino gehiagotan. “Honaino iristeko bere etxea eta herriak uztera behartuak izan direnentzako” errespetua eskatzen du Sareak.

Karitatetik harago, elkartasuna

Euskal Herriak etorri direnei besoak beti zabaldu dizkiela gogoratuz, karitatetik harago elkartasuna eta justizia nabarmenduz, eta politikariei ardura eskatuz, manifestua sinatzeko deia ere zabaldu du Irungo Harrera Sareak.